Nobedadeak Bergarako kirol eskaintzan, eta abonatuei zuzendutako doako osasun azterketa opari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urt. 23a, 11:10

Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuaren aurtengo berritasun nagusiak dira, jarduera berriez harago, abonatu guztiendako doako osasun azterketa, kirol orientazio zerbitzu osatuagoa eta erabiltzaile bakoitzak bere gustura antolatutako erronkak gainditzeko aukera eskaintzea.

2018tik 2021era arteko kirol arloko plan estrategikoa martxan jartzear denean, Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuak 2018ra begirako nobedadeen berri eman du. Batetik, BPXport enpresarekin datozen lau urteetarako kontratua luzatu dutela iragarri dute, urtero Udalari 415.000 euroko inbertsioa suposatuko diolarik.

3.500 abonatu eta egunero 1.000 erabiltzaile

Agorrosin kirol guneak 3.500 abonatu inguru ditu gaur egun eta, Kirol Zerbitzuaren arabera, egunero bataz beste ia 1.000 erabiltzaile ditu.

2018rako nobedade aipagarrienak

2018rako prestatutako berritasun nagusiak honako hauek dira:

• Agorrosinen, egubakoitz arratsaldetan eta zapatu goizetan jarduerak emateko eskaintza handitu da, edozein jardueretan dabilen erabiltzaileak hirugarren edota laugarren eguneko aukera izan dezaten: egubakoitzetan 17:30ean eta 18:30ean, eta zapatuetan 10:30ean eta 11:30ean multitraining eta areto bizikleta –bideospinning moduan ezaguna–.

• Tasak egokitu egin dira, malgutasunez jokatu eta hainbat jarduera desberdin egin ahal izateko, Hala, estra bat ordainduta aukera izango da lehorreko beste jarduera berrietan parte hartzeko.

• Osasun azterketak egiteko Medical clue sistema berritzailea jarriko da martxan. Horren bitartez, abonatu guztiek aukera izango dute doan arazo kardiobaskularrik duten detektatu, eta beraien egoera fisikoa eta estresa gainditzeko gaitasuna ezagutzeko.

• Doako kirol orientazio zerbitzua, orain arte fitness aretoan izan dena, esparru gehiagotara zabalduko da. Hala, doaneko zerbitzu honen bitartez nornahiri entrenamenduak osatzen lagunduko diote.

• Udaleko Kirol Zerbitzuaren arabera, bideo areto txirrindularitza sistema oso ondo funtzionatzen ari da. Hamar saio daude eskuragarri, euskaraz eta hiru maila ezberdinetan. Gela libre dagoenean aukera dago bideoetako bat aukeratu eta areto txirrindularitza lantzeko.

• Jardueretarako materiala berritzen ari da Udala; TRX, pikak, mankuernak, kortxera berriak, aquerobiquerako materiala…

• Nordic walking irteerak programatuko dira martxo erditik aurrera: martxoaren 17an, apirilaren 21ean, maiatzaren 12an, ekainaren 2an eta urriaren 20an. Guztiak Agorrosindik abiatuko dira.

• Abonatuentzako erronkak planteatuko dira igeriketan, bizikletan eta triatloian. Simulazio batzuen bitartez, bi hilabetetarako erronka ezarriko zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak