Bergararren aktibitate fisikoa handitzea, kirol plan estrategikoaren ardatza

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urt. 12a, 08:00

Eskola kirolera neska gehiago erakartzea da erronketako bat.

2018tik 2021era arteko Udalaren kirol arloko planaren ardatza bergararren artean aktibitate fisikoak gora egitea izanik, hainbat erronka zehazten dira; tartean, emakumeen partaidetza handitzea eta 60 urtetik gorakoendako ekimen espezifikoak diseinatzea.

Udalak badu 2018tik 2021era arteko kirol arloko plan estrategikorako dokumentu gidaria, kirol esparruan aditua den Avento aholkularitza enpresak egindakoa. Dokumentu gidari horren ardatza herritar aktiboak lortzearena da, hau da, herritarren artean aktibitate fisikoak gora egitea da helburua. Hurrengo lau urteetara begirako erronketan bost multzo berezitzen dira: eskola kirola, kirol federatua, partaidetza kirola, kirol ekipamenduak eta kirol zerbitzuaren kudeaketa.

Emakumeen partaidetza handitu

Eskola kirolaren barruan, neska gehiagok parte hartzea da helburuetako bat, besteak beste, neskendako eskaintza bereziak antolatuz eta horretarako baliabideak egokituz –begirale gehiago jarrita, esaterako–. Izan ere, azken datuen arabera, nesken parte hartzea %26 izan da eskola kirolean. Kirol federatuari dagokionez, elkarteen arteko komunikazioa eta lankidetza sendotzea, elkarteen arteko sinergiak aprobetxatzea eta Udalaren partetik tramite administratiboak erraztea dira erronka nagusiak. Emakumezkoendako eskaintza federatuaren barruan, senior mailako taldeak eratzearen garrantzia ere azpimarratzen da, neska gazteek euren kirol ibilbideari jarraipena emateko aukera izan dezaten.

60 urtetik gorakoendako ekintzak

Partaidetzazko kirol ez federatuari dagokionez, 60 urtetik gorakoen aktibitate maila handitzeko ekimen espezifikoak diseinatzeko eta beste herri eragileekin –San Joxepe erretiratu elkartea, kasu– koordinatzeko konpromisoa jasotzen da. Gainera, inklusio arazoak izan ditzaketen herritarrak kirolera erakartzeko ahalegina ere egingo da datozen lau urteotan; ezintasuna dutenendako kirol eskaintza berezia landuz, adibidez. Arlo horretan, bestalde, txosteneko datu azpimarragarrietako bat da egun 3.478 kirol abonatu daudela, hau da, biztanleriaren %23,3. Azken bost urteotan %25 hazi da abonatu kopurua.

Hobekuntzak ekipamenduetan

Kirol ekipamenduen hobekuntza da beste ezinbesteko arlo bat. Epe motz edo ertainean aldaketa esanguratsuak egongo dira: Labegaraietako kiroldegiko erreforma lanak –kanpoko kantxa estaltzeko proiektua barne– 2019an dira hastekoak; Boluko frontoiak, dena ondo bidean, estalkia izango du uda ostean; San Martin eskolako patioan egokituko den karpa berriak aisialdirako eta kirolerako aukera berriak sortuko ditu...

Eta, epe luzeago batean, Agorrosin berria nabarmentzen du plan estrategikoak. Bergara Kirol Elkartearen eta Udalaren arteko elkarlana bideratu gura da proiektua aurrera eramateko; BKEk proposatutako aurreproiektuan, besteak beste, belar naturaleko zelaia "azken belaunaldiko" belar artifizialeko zelai bihurtzea eta atletismo pista desagerraraziz askotariko kirolak egiteko 3.800 metro koadroko gune bat egokitzea jasotzen da. Padel pistak, saskibaloi kantxak edo bestelako jardueretarako eremua litzateke. Horrez gain, instalakuntza osagarri berriak –aldagelak, komunak eta harmailak– aurreikusten dira. Hori posible izateko, baina, 2018-2021 plan estrategikoan jasotzen denez, erakunde ezberdinekin harremana sendotu beharra dago.

Kudeaketa "arduratsua"

Azkenik, kirol zerbitzuaren kudeaketa "arduratsua eta zentzuduna" izateko, jasotzen da, besteak beste, diru laguntzen oinarriak udaleko kirol politikarekin bategiteko beharrezkoak diren aldaketak burutzeko eta Udaleko hainbat sailekin elkarlana bultzatzeko konpromisoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak