Bolua auzoko lau kaleetako 1.262 bizilagun daude deituta pilotalekua estaltzeko kontsultara

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ira. 11a, 13:29

Egubakoitzeko ez ohiko osoko bilkuran hartu zen erabakia: hilaren 23an egingo da Bolua auzoko frontoiaren kontsulta. Horren harira hainbat xehetasun eman dituzte gaur; esaterako, aurretik udaletxeko idazkaritzan bozkatu ahal izango dela hilaren 20an.

Elena Lete alkateak berretsi egin du egubakoitzeko ez ohiko osoko bilkuran, Bolua auzoko pilotalekua estaltzeko kontsultaren harira esandakoa: "Prozesuan, proiektuaren kontrako iritziak jaso ditugu eta baita aldekoak ere, baina ezinezkoa zaigu batak eta besteak neurtzea. Gainera, hainbat auzotarrek esan ziguten ez zutela beraien artean eztabaidan aritu nahi. Horregatik, ondorioztatu genuen onena zela auzotar guztiei galdetzea eta kontsulta loteslea egitea".

Hauxe izango da Bolua auzoa osatzen duten Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua kaleetako 18 urtetik gorako 1.262 lagunek erantzun beharko duten galdera: Bergarako Udalak Bolua auzoko udal pilotalekua estaltzeko egin duen proposamena burutzea nahi duzu? Eta erantzuna bai ala ez izan beharko da.

Alkateak gogora ekarri du herritarren parte-hartzeari esker, halako hobekuntzak ondorioztatu dituztela: auzo osorako ekipamendua izango dela, erabilera anitza edukiko duela –kirola, aisialdia, kultura...– pilota arloak lehentasuna izango duela eta gauez itxita egongo dela. Aurrekontua 150.000 eurokoa izango da, eta gainontzeko lanek –irisgarritasunak, argiteriak edota soinu murrizketak– 40.000 euroko aurrekontua izango dute.

(Goiko irudiko estalkia jarri edo ez bozkatu beharko dute Boluko bizilagunek. Argazkia: Imara)

Kontsultarako jakin beharrekoak

Partaidetza teknikari Nagore Narbaizak azaldu du Beart-ek Bolua auzoan duen lokalean jarriko dela hauteslekua eta auzotarrek etxean jasoko dituztela bozkatzeko paperak, horietan bai ala ez markatu beharko dute. Hauteslekuan, etxetara banatzen diren bezalako paperak ere izango dira.

Hilaren 23an egingo da kontsulta eta hauxe izango da ordutegia: 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Mahai eta hautesleku bakarra egongo da Bolua kaleko 47an.

Hautes-mahaia mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute. Mahaiburua Udal langile bat izango da eta bi mahakideak, bi herritar. Interesatuek izena eman beharko dute hilaren 15a baino lehen eta zozketa egingo da aurkezten direnen artean. Baldintzak Udal webgunean argitaratuko dira, baina Narbaizak adierazi du lehentasuna izango dutela langabetuek, eta mahaikide bakoitzak 200 euro jasoko lituzkeela.

Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua kalean erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrek eta 2017ko abuztuaren 1a aurretik Bergaran erroldatuta daudenek bozkatu ahal izango dute.

Aurretiazko bozka, hilaren 20an

Aurretik bozkatu nahi dutenek hilaren 20an izango dute horretarako aukera udaletxeko idazkaritzan. Hauxe izango da ordutegia: 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Bozka emateko ezinbestekoa izango da NAN-a, pasaportea edo gidabaimena eramatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak