ALBISTEAK

Euskal Herri osoko 60 postu egongo dira, bigarrenez Oxirondon jarriko den San Martin azokan

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ira. 6a, 14:11

Bergarako San Martin jaiak ate joka daude eta hilaren 8tik 17ra bitartean herrian ez da aspertzeko astirik izango. Ekitaldiak egubakoitzean bertan hasiko badira ere, asteburuko ekitaldi kuttuna zapatuan izango da, orduan egingo da-eta San Martin azoka.

Badatoz San Martin jaiak Bergaran eta zapatuan izango da San Martin azoka: “Aurten, bigarren urtez, Oxirondon jarriko da azoka: han izango dira barazki eta fruta postuak, baita bestelako batzuk ere. Katabixan, aldiz, gazta lehiaketa egingo da, talo eta odoloste postuak izango dira, eta Bergarako komertzio batzuk postuak jarriko dituzte”, azaldu du Kultura teknikari Edurne Kortak.

Gazta lehiaketan 21 ekoizlek parte hartuko dute; barazki eta frutatan hamabost izango dira; eta guztiak batuta 60, Euskal Herri osotik etorritakoak. Eta denera, bederatzi sari banatuko dira aurten.

Iazko arrakasta ikusita, erle eta ezti erakusketa ere egingo da Katabixan, eta aurten bigarren aldiz, Xaxauk txosna jarriko du Munibe plazan. Bikote nagusientzako dantza txapelketa ere egingo da 32. aldiz. Feria bezperan egiten baldin bazen ere, domekatan jende gehiago gerturatzen dela ikusiaz, aurten domekara pasatzea erabaki dute.

Eta nabarmendu nahi izan dute baita ere, zapatu honetan izango den Maurizia dantza emanaldia. Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzendutako Aukeran dantza taldea da horren sortzaile eta aurten taldeak 20 urte bete dituenez, herritarrekin ospatu nahi dute urteurrena.

Hurrengo asteburua

Astean atsedena hartu ostean, hilaren 15ean, San Martin Agirre egunaren bezperan hasiko dira berriro tamainako ekitaldiak. Nagusien danborradan, esaterako, inoiz baino danbor jotzaile gehiago egongo dira. Hau azaldu du Kultura zinegotzi Maite Agirrek: “19 taldek eman dute izena eta 560 danbor jotzaile arituko dira; inoiz baino gehiago. Dagoeneko entseguak hasi dira eta jai giroa zabalduz doa herrian”.

Aurten gainera, Aritzeta abesbatzak, esaterako, 30. aldiz joko du danborradan, eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek martxa konposatu dio abesbatzari.

Asteburu horretan ekitaldi ugari izango dira, San Martin egunean Musika Bandak kontzertua eskainiko du eta Huntza taldearen erromeria ere izango da 20:00etan, San Martin plazan adin guztietakoek goza dezaten.

Domekan, berriz, emakumeen pilota partiduak izango dira. Egun berean, Aire Libreko Simon Arrieta pintura lehiaketaren 44. aldia ere egingo da. Hilaren 16an eta 17an, bietan, sokamuturra ere egongo da eta domekan umeendako jolas parkea ere izango da. Pentekosteetan eguraldiagatik bertan behera gelditu zen Goitibehera Zirkuitua ere berreskuratuko dute, eta bukatzeko, suzko erruberak izango dira.

Udaletik azken mezu bat bidali nahi izan dute: “Gogoratu egunerokoan bezala jaietan ere bizikidetza eta errespetua ezinbestekoak direla, eta hori kontuan hartuta ondo pasa San Martin jaiak!”, esan du Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak