Euriari eta eguraldi txarrari aurre eginez, bergararrek ez dute hutsik egin Pentekoste jaietako lehenengo hiru egunetan, eta astebukaera jai giroan igaro dute. Izan ere, aukera asko izan dituzte haurrek zein helduek festa giroaz gozatzeko.
Egubakoitzean eztanda egin zuen festak txupinazoarekin eta Bitorianatxoren jaitsierarekin, eta musikaz ere gozatzeko aukera izan zuten bergararrek plazan zein txosnagunean. Besteak beste Omen izenean kontzertua berezia eskaini zuten Emon taldean egon diren kideek.
Zapatuan, besteak beste, herriko elkarteen arteko bakailao lehiaketa egon zen, eta Erraldoi elkartearen ikuskizunean, ‘Kotoi’ eta ‘Mahoi’ erraldoi berriak aurkeztu zituzten. Gainera, ongietorria egin zieten azken urtean jaiotako bergararrei. Gauean, Anne Etxegoienen doinu dotoreak entzuteko aukera ere izan zuten bergararrek.
Atzo, errekortadoreen txanda izan zen goizean eta bazkal ostean goitibeheren txapelketa izan zen. Euriak baldintzatu zuen proba, baina Marquez anaiak irabazi zuten proba ikusgarria. Gainera, Udal musika Bandak kontzertua eskaini zuen urtero moduan.
Gaur, koadrilen egunean badirudi eguraldi lagun izango dutela behingoz, eta herri bazkariaz gozatzeaz gain, txarangak, kontzertuak, eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Goizean, kuadrillen arteko jokoen txanda izan da zezen plazan, eta giro ona eta umoretsua izan da nagusi bergararren artean.