HARMAILATIK

Markez anaiak bizkorrenak euripean

Minutu bat eta bost segundoko denborarekin Bergarako Markez anaiak izan dira bizkorrenak goitibehera txapelketan. Aitor Zabaleta eta Maddi Gutierrez herrikideak ez dira atzean geratu eta nork bere kategoriako lehen eta bigarren postuak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Euriak San Martzialgo bidea busti duen arren goitibeheren gidariak ez dira kikildu, eta abiada biziz jaitsi dira maldan behera. Egia da lehen txandan parte-hartzaile guztiek bideari neurri hartu nahi izan diotela eta ez direla ohiko abiaduran jaitsi. Bigarren eta hirugarren txandetan, aldiz, bai abiadura bai denborak oso bestelakoak izan dira.

Azken txandan egon dira jaitsiera ikusgarrienak. Hirugarren horretan lortu dute Markez anaiek denbora onena. "Aurreko txandetan izandako ezusteko batzuen ostean, ibilbideaz gozatzera irten gara, eta hara non, bizkorrenak izatea lortu dugu!", azaldu du anaietako batek.

Saria parranda egiteko erabiliko dutela onartu eta gero, beste txapelketa batzuetara ere joango direla argitu dute. Hala ere, bergararrek argi dute zein den euren froga gustukoena: "San Martzialgo jaitsiera hau zirkuitu ederrenetako bat da, ederrena ez esatearren".

Zabaleta eta Gutierrez ongi

Ibilbideak bere aurpegi labainkorrena erakutsi duen arren, Aitor Zabaletak bere mailako lehen postua lortu du. Bergararra pozik zegoen aurreko urteko sailkapena hobetu baitu.

Maddi Zabaleta, aldiz, bigarren sailkatzearekin konformatu behar izan da. Zabaletak lehen txandan "zuhur" aritu dela onartu du, baina beste lehiakide batekin izandako pikeak bizkorrago joatea animatu duela aitortu du. Lehenengo sailkatzea lortu ez duen arren, pozik zen txapelketan parte hartu duen neska bakarra.

Erlazionatuak

Bergarako goitibehera txapelketa

Bergara

Parte-hartzaileak euripean lehiatu behar izan dira. Eguraldiak lagundu ez duen arren, ikuskizun polita eskaini dute San Martzialgo bidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.