Egubakoitz gauean, haize ufadek Bergarako Agorrosin Ekintza Guneko padelean jokatzeko kantxaren estalpearen zati bat altxatu zuten. Zapatuan langileak bertara joan zirenean konturatu ziren zati bat solte zegoela eta arriskua saihesteko, momentuan bertan egin zioten aurre egoerari: “Tolestu egin zen estalpearen zati bat beste zati baten gainera, arriskutsua zegoen, eta zapatu goizean bertan Udal brigadako kamioia ekarri, garabiarekin gora igo eta solte zegoen zati hori askatzea lortu zuten. Momentuan zegoen arriskua ekidin zen horrela”, azaldu du Udaleko kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk.
Padeleko kantxa 2015. urte amaieran zabaldu zuten. Estalpe horren obra Bizkaiko enpresa batek egin zuen, baina estalpea bera Alacanteko Orihuelako enpresa batek jarri zuen eta eurekin kontaktuan daude orain, haizeteek eragindako kalteak lehenbailehen konpondu ditzaten: “Nahi dugu lehenbailehen ekartzea falta den zati hori, berriz ere jartzeko. Asmoa da aste honetan bertan falta den zati hori berriz ipintzea", gaineratu du Ugarteburuk.
Estalpe horrekin arazo dezente izan dira. Aurrez itogin arazoak ere izan dituzte, baina Ugarteburuk esan du dagoeneko horiek konponduta daudela, eta orain haizea dela-eta beste kezka hau sortu zaiela.
Basabeko frontoia
Egunotako haize ufadek ez dute Agorrosin Ekintza Gunean bestelako kalterik sortu, baina bai Bergarako Basalgo auzoko frontoian; han ere estalpearen zati bat altxatu zuen haizeak. Tramiteak egiten hasi dira aseguru-etxeekin, baina Ugarteburuk jakinarazi du momentuz ez dagoela hori konpontzeko eperik zehaztuta.