Bergarako San Martin jaiak 2016

Omenaldi hunkigarria herrian egindako lana eskertzeko

Maite Txintxurreta 2016ko ira. 16a, 15:56

Bizi osoa txistulari bandan eta herriko kultura arloan lanean ibili ostean, orain, 88 urterekin, txistua gordetzea erabaki du Ramon Etxanizek. Horregatik, udalak eta herriko elkarteek omenaldia egin diote udaletxean.

Merezitakoa eta hunkigarria izan da Ramon Etxanizek jaso duen omenaldia. Kultura arloan berarekin ibilitako kideek, lagunek eta familiartekoek egun garrantzitsu honetan bere ondoan egon izan nahi dute, eta lepo bete dute udaletxeko osoko bilkuren aretoa.

Gazte gaztetan hasi zen txistua jotzen Ramon Etxaniz, 26 urte zituela, eta 1978 urteaz geroztik Bergarako Udal txistulari bandako zuzendaria izan da. Horrez gain, baina, Xamatz dantza taldearen sorreran ere parte hartu zuen, eta betidanik pertsona garrantzitsua izan da herriko bizitza kulturalean zein jaietan.

Udaletxeko ekitaldia

Omenaldian, alkateak esan du Bergarako herriak ezingo diola inoiz itzuli Ramon Etxanizi berak emandako guztia.

Txistulari bandakoen musikarekin, Guti eta Felixin buruhandiek aurresku berezi bat dantzatu diote gaurko protagonistari. Gainera, elkarteek eta Udalak hainbat opari egin dizkiote; esaterako, bere lagunek utzitako argazkiez osatutako album bat, eta lore sorta handi bat. Gerturatutakoek, zutitu eta txalo zaparrada luzea eskaini diote omenaldia bukatzean. Gaurkoan, gainera, udal bandaren kontzertua ere bere omenez izan da.

Etxanizek bihotzez eskertu du errekonozimendua, eta herrigintzan "maitasunez" lan egitearen garrantzia azpimarratu du.

Ramon Etxaniz ez dugu gehiago txistulari banda zuzentzen ikusiko, baina berak lagatako arrastoak luzaroan iraungo du bergararren gogoan.

Erlazionatuak

Ramon Etxanizi aitortza

Maite Txintxurreta 2016 ira 16 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak