Atez-atea kendu eta bost edukiontzietako hondakin sistema berria jarriko du martxan Bergarako udalak apirilaren 18tik aurrera. Organikoa eta errefusa zintzilikarioetan utzi beharrean, edukiontzietara bota beharko dituzte. Horretarako txartel bana banatuko dizkiete herritarrei edukiontziak zabaldu ahal izateko.
Herritar bakoitzak zenbaki bat izango du txartelean ze edukiontzi tokatu zaion adieraziz eta bertara bota beharko du zaborra. Atzo hasi zen txartel banaketa Bergarako Txiki Txokon eta gaur eta bihar ere txartelak jasotzeko aukera izango dute bergararrek. Auzoka antolatu du banaketa udalak eta goiena.eus/bergara webgunean bertan egongo da auzo bakoitzari noiz tokatu zaion ikusteko aukera. Baita Bergarako udaleko webgunean ere: bergara.eus.
Etxebizitza bakoitzeko txartel bana banatuko dute, baina bigarren bat lortu nahi izanez gero udaletxeko Hondakinen Informazio bulegoan egongo dira eskuragarri bi euroan. Zintzilikarioak ahalik eta azkarren kenduko dituzte eta apirilaren 11an hasiko dira edukiontzi berriak herrian zehar jartzen. Masterrekan, Zurranderon, Alkabietan, Torrekuan eta Zubietan edukiontzi gehiago jarriko dituzte. Auzo eta landa guneetan zenbait kasutan kaleko sistema bera erabiliko dute eta beste batzuetan giltzadun edukiontziekin jarraituko dute.
Birziklatzen jarraituz
Udal arduradunen hitzetan herritarrak sistema berriarekin erosotasunean biziko dira, hondakinak nahi dutenean aterako dituztelako. Herritarrak ere gustura daude aldaketarekin. Etxean egin beharrekoa aldatu behar ez dela dio Udalak ‘’oso inportantea’’ dela edukiontzi bakoitzean dagokiona botatzea. Orain arte birziklapenaren portzentaia mantentzea eta hobetzea espero da, abendukoa adibidez %81,2koa izan baitzen. Edozein zalantzetarako Bergarako herritarrek telefono zenbakiak izango dituzte eskuragarri.
Edozein zalantzetarako telefonoak: 688 657 243 / 943 76 46 18