Antolatzaile taldeko kide Migel Anjel Elkoroberezibar izan zen hitza hartzen lehena. Hark, erakusketa aurkeztu zuen, eta eskerrak eman zien lehengo eta oraingo Udal ordezkariei Simon Arrietaren lana ezagutzera emateko emandako laguntzagatik. Luis Laskurain margolariak azpimarratu zuen jende asko aritu dela proiektu horretan lanean, eta BEART elkarteko guztiei haien lana eskertu zien.
Erakusketa abenduaren 20ra arte izango da ikusgai Aroztegin.
Arrietaren familia, "pozik"
Ekitaldian, Simon Arrietaren semea eta alaba izan ziren. Aurelio Arrietak berba batzuk esan nahi izan zituen familia guztiaren izenean, eta honek ere eskerrak eman zien Udaleko eta Diputazioko ordezkariei, BEARTeko kideei eta Migel Anjel Elkoroberezibarri, "urteurren hau ospatzeko egindako lanagatik". Arrietak azpimarratu zuen "oso berezia" dela familiarentzat aitaren koadroak bere herrian, Bergaran, ikustea: "oso pozik nago".
Azaroaren 27an erakusketarako bisita gidatua antolatu dute, arratsaldeko zazpietan. Bertan izena emateko, 943 77 91 59 telefono zenbakira deitu behar da.