Urtarrilean ekin zien Beart margolarien elkarteak, Udalaren laguntzarekin, Simon Arrieta margolariaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunei. Harrezkero, Bergarako margolari ezagunaren izena eta izana zabaltzeko ekitaldi asko egin dituzte herrian, eta herritik kanpo ere bai; azkenekoa, Koldo Mitxelena Kulturunean zapatura arte egon den erakusketa. "Sekulako arrakasta izan du, aretoko arduradunen esanetan, inoiz baino bisitari gehiago hurbildu da; askotarikoa, gainera: norbanakoak eta baita ikastetxeetako ikasleak ere. Margolari bat berraurkitu dutela esan digute Donostian", azaldu du Migel Angel Elkoroberezibarrek, antolatzaile taldeko kideak.
Ekimenaren bultzatzaileendako, baina, ezinbestekoa zen Arrietaren obrak bere jaioterrian erakustea. "Honako hau da guretako garrantzitsuena. Donostiakoaren erreplika da; margolan bat izan ezik, gainontzekoak hango erakusketatik ekarritakoak dira", dio komisario lanak egin dituen Luis Laskurain margolari bergararrak.
30 olio-pintura eta lau marrazki
Erretratugilea zen, bereziki, Arrieta, natura hilak eta paisaiak ere margotu bazituen ere. 30 olio-pintura, lau marrazki eta margotzeko erabiltzen zituen tresnak –pintzelak, margo-kaxa, astoa...– eta egin zituen erakusketetako dokumentazioa batu dituzte Aroztegin.
"Bildumari izenburu bat jartzekotan, Kuttuna da aukeratuko nukeena. Bergaran ezagunak diren pertsonen erretratuak dira. Arrietaren gertukoak gehienak, haren lagunak eta familiako kideak: Arrietaren lagun-mina zen Alkortarena; Migel Altunarena; Jose Letona Arrasateko historialariarena... Horiez gainera, Agirre lehendakariarena ere badago, eta baita San Martin Agirreren eta Loiolako Inazioren irudi bana ere", dio komisarioak, eta zera gaineratu du: "Bergarako lau paisaia eta hiru natura hil ere erakutsiko ditugu".
Bisita gidatua
Aukeratutako bilduma, Arrietaren obra erakusteko helburua izateaz gainera, publikoari artea ulertzeko pauta batzuk jasotzeko tresna izatea gura izan dute, eta asmo horrekin egingo dute azaroaren 27an, 19:00etan, bisita gidatua. "Testuinguru historikoa azalduko dut, eta obra bakoitzaren gaineko azalpenak emango ditu gero Laskurainek", azaldu du Elkoroberezibarrek.
Bisita gidatuak kopuru mugatua izango duenez, aldez aurretik eman behar da izena, 943 77 91 59 telefono zenbakira deituta.
Laster, inbentarioa sarean
Erakusketak iraun bitartean, Aroztegi aretoan izango da Simon Arrieta 1915-1969 liburua eskuratzeko aukera; eta urte amaierarako aurreikusten dute sarean, guztion eskuragarri Simon Arrietaren katalogoa jartzea.