Hondakinen galdeketaren aurkezpena egin dute udaletxean

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 19a, 19:24

Azaroaren 29an Bergaran egingo den hondakinen bilketa sistemari buruzko informazio saioa egin zuten atzo arratsaldean Bergarako pleno aretoan. Juanje Alberdi alkateak prozedurari buruzko argibideak eman zituen, eta gaur egungo sistemari zein bosgarren edukiontziari buruzko datu ekonomikoak zein birziklatze tasak azaldu zituen. Bihar eta etzi, aurrez bozkatzeko aukera izango da Udaletxeko idazkaritzan.

Gaur egun, Bergaran, hondakin organikoak eta errefusa atez-ateko sistemaren bidez biltzen dira, eta gainontzeko hondakinak berriz, edukiontzien bidez. Hala, hilaren 29ko kontsultan herritarrek bozkatuko dute ea sistema horrekin jarraitu nahi duten edo bost edukiontzien sistema ezartzea nahiago duten. Azken kasu horretan, organikoaren edukiontzia txipa duen txartelarekin zabaldu ahal izango da.

Uztailean, abuztuan eta irailean herrian izandako birziklapen tasa erakutsi zuen alkateak. Bertan ikusten da ehuneko 80aren bueltan ibili zela Bergara. Datu ekonomikoei dagokienez, Alberdik adierazi zuen sistemaz aldatzeak guztira ehun eta berrogeita zazpi mila eurotik gorako kostua suposatuko lukeela Udalarentzat. Edukiontzi berriak erosi beharko lirateke, hauek muntatu eta kokapen puntuetara eraman. Bestalde, organikoa eta errefusa batzeko erabiltzen diren esekitokiak kendu beharko lirateke, eta ibilgailu berriak erosi edo alokatu.Kostu horien amortizazioa zazpi hilabete eta erditan egingo litzatekeela azaldu du Alberdik. Gaineratu du oraingo sistema defizitarioa dela, eta ondorioz balitekeela zabor tasak igo behar izatea.

Atzoko saioan, herritar batzuk kexu ziren kontsultan Atez-ate sistema terminoa erabiltzeko erabakiarekin, gaur egungoa sistema mistoa dela-eta. Alberdik erantzun zuen kalean gehien erabiltzen den terminoa delako erabaki zutela Atez-ate erabiltzea.

Alkateak adierazi zuen kontsulta horrekin ikusi ahal izango dela parte hartze prozesuek benetan nolako erantzuna duten herritarrengandik. Hala, herritar oro animatu nahi izan du hondakinen gaineko kontsultan parte hartzera.

Galdeketako prozedura

Kontsultaren egunean 18 urte beteta dituzten herritarrak eta Bergaran urriaren 1ean edo lehenagotik erroldatuta dauden herritarrak izango dute bozkatzeko eskubidea. Frontoian lau mahai jarriko dituzte, Matxiategin bi,  eta bana Osintxun, Martokon eta Labegaraietako Ibarra kalean. Goizeko bederatzietan irekiko dituzte mahaiak, eta iluntzeko zortziak arte izango da bozkatzeko aukera. Bi papeleta izango dira: oraingo sistemaren aldekoa, laranja, eta bosgarren edukiontziaren aldekoa, berriz, txuria.

Azaroaren 29an bozkatu ezingo dutenek azaroaren 19an eta 20an, bihar eta etzi, hain zuzen, izango dute botoa emateko aukera, Udaletxeko idazkaritzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak