Kontsulta "herritarrak nahasteko" izanda ere, bozkatzeko eskatu dute EH Bilduk eta Irabazik

Udal gobernuaren "tranpa" salatu eta prozesua bera kritikatu arren, EH Bilduk, Irabazik eta zenbait herritarrek bart egindako agerraldian herritarrak kontsultan parte hartzera animatzen dituzte, uste baitute "bozka ematea dela egungo sistema mantentzeko aukera bakarra".

Agurne Barrusok, EH Bildutik, eta Aiert Lizarraldek, Irabazitik, egin zituzten bozeramaile lanak atzo iluntzean. Lehenik eta behin adierazi zuten kontsulta egiteko erabakiaren berri izan zutenean "pozik" hartu zutela berria eta "berehala" agertu ziotela Udalari hura "ondo diseinatzeko eta elkarlanean jarduteko gogoa eta prestutasuna". Horren aurrean, salatu dute gobernuak "inolako kasurik egin gabe eta euren kasa" diseinatu dutela kontsulta, "aldebakarreko erabakiak"  hartuta eta "adostasunetara iristeko inolako borondaterik" agertu barik. Areago, alderdietako bozeramaileek diote "korrika, presaka eta planifikazio ona" egin gabe gauzatu dela prestaketa prozesua. Hala, galdeketari "tranpa" deritzote EH Bilduk eta Irabazik eta Udalak barik Bergara Garbiak erabaki dituela kontsultaren nondik norakoak.

Galderaren "tranpa"

Amarru uste hori salatzeko zenbait arrazoi eman zituzten atzoko agerraldian eta bereziki azpimarratzen da aukerak izendatzerakoan erabilitako formulazioa, "herritarrak nahasteko asmoarekin" egindakoa omen dena. EH Bilduk eta Irabazik azaltzen dute "gaur egun sistema mistoa bezala ezagutzen den bilketa sistema atez ateko izenarekin kamuflatu" dela luzatuko den galderan eta, ondorioz, kontsulta "gaur egungo sistema mistoaren eta bosgarren edukiontziaren inguruan egin beharrean", "bosgarren edukiontziaren eta atez atekoaren artean" erabaki beharko dela. Gainera osoko bilkuran onartutako araudiari gerora dekretuz aldaketak egin zaizkiola salatu dute ezkerreko alderdien ordezkariek eta kanpainarekin lotuta Bergara Garbiak eurek baino lehenago ezagutu zituela Udalak erabiliko zituen datuak eta horiek gainera, Mankomunitateko teknikarien txostenean jasotakoekin "kontraesanean" daudela salatu dute. 

Egungo sistemaren alde

Galdeketaren prozesuaren eta asmoen kritika eginda ere, EH Bilduk eta Irabazik atzoko agerraldian kontsultan parte hartzeko eskera egin zieten bergararrei eta, hain zuzen, egungo sistemaren aldeko bozka eskatu zuten, "ondo funtzionatzen" duela berretsiz eta "hobekuntzak sartzeko inolako arazorik ez" duelako. Sistema aldatuz gero, azaldu zutenez, "praktikan aldaketa bakarra", hondakinak edozein ordu eta egunetan atera ahal izatea izango da, ze "etxean berdin berdin bereizi beharko dira bost frakzioak".

Datuetan sartuta, egungo sistemak %82ko birziklatze tasa ematen duela diote, bosgarren edukiontziarenaren %77aren aurrean. Hala, aurrerapauso ikaragarritzat dute Debagoienean %34tik %80 birziklatzera eginiko jauzia.

Azkenik, sistemaren aldaketa defendatzeko erabiltzen den 177.884,47 euroko aurrezpenaren argudioaren aurrean, bozeramaileek argitu zuten diru hori baino gehiago gastatutako dela errauskailua ordaintzen. Azken agintaldian, hondakinen bilketaren inguruan, 38 lanpostu sortu direla esan zuten atzoko prentsaurrekoan eta Mankomunitateko langileek eurei esandakoen arabera, aldatuz gero, 8 lanpostu galduko liratekeela. EH Bildu eta Irabazirentzat hori "ez da jasangarria, ez ekonomikoki ezta sozialki ere", "462.158,90 euro gastatu, birziklatze tasak gutxitu eta 7,4 lanpostu suntsituko" direlako, zaborra ateratzeko "egutegi eta ordutegi bat ez izateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.