Kirol Zerbitzuaren defizita %17 jaitsi nahi du Udal Gobernuak, Agorrosingo prezioak %20 igota

Julen Iriondo 2015ko aza. 5a, 18:52

Agorrosingo prezioen %20ko igoeraren harira, bere azalpena eman nahi izan du gaur Bergarako Udal Gobernuak ere. Azaldu du Kirol Zerbitzu osoaren defizita milioi bat euro dela, eta Agorrosinekoa 526.000koa, aurtengo aurrekontuen arabera. Kirol zerbitzuaren defizitari aurre egiteko beharrezko neurri jo du Gobernuak Agorrosingo prezioen %20ko igoera, eta Agorrosinen autofinantzaketan aurrera egin behar dela dio.

Udal Gobernuak ere eman ditu gaiaren gaineko azalpenak. Diote eurek Agorrosingo prezioetan onartutako %20ko igoerarekin Bergarako Kirol Zerbitzuaren defizitak –aurtengoak– %17 egingo lukeela behera, 1.013.000 eurotik 839.000 eurora. Gaineratu dute %20ko igoera defizitaren arazoa bideratzeko hartu beharreko neurrietako bat dela, beste batzuen artean: "Igoera honekin ez da konponduko ez defizita eta ez kirolgune guztian urtero sortzen den zuloa. Hau osatu behar da gastua zaintzeko beste neurri batzuekin-eta", dio Ogasun batzordeko buru Ander Alberdik. 

Urriaren 26ko osoko bilkuran Agorrosingo prezioen %20ko igoerak eztabaida eragin zuen. Udal Gobernuko alderdi nagusi den EAJk milioi bat euroko defizitari aurre egin beharra aldarrikatu zuen. 

Kirol batzordeko buru Sabino Azkaratek dio Kirol Zerbitzu osoaren defizita dela milioi bat eurokoa, eta Agorrosinen defizita 526.000 eurokoa izatea aurreikusten dela Bildu eta Aralarren aurreko Gobernuak egindako aurtengo aurrekontuetan. Azkaratek gehitu du defizitaren gainerako zatiak Kirol Zerbitzuko beste atalei dagokiela. Baina Agorrosingoa da konpondu beharreko arazoa, Gobernuaren ustez: "Gu Udalean jakitun gara kirol arloko gainerako zerbitzuek badutela beste milioi erdiko kostua, eta badakigu hori zentzuzkoa dela; ze hor daude diru-laguntzak, beste ikastaro batzuk, klubei ematen zaizkien laguntzak, eta pentsatzen dugu defizit hori mantendu egin behar dela, ze hori da herriko kirola indartzea, eta hori logikoa da mantentzea. Baina beste milioi erdia, Agorrosingoa, pentsatzen dugu erabiltzaileek ordaindu beharko dutela gero eta gehiago", zioen Kirol batzordeko buru Sabino Azkaratek.

Azkaratek azaldu du prezioen %20ko igoerarekin Agorrosinen autofinantzaketa maila %76koa izango dela, eta defizita %24. Oraindik, beraz, Agorrosingo defizita herritar denen artean ordaintzen jarraitu beharko dela dio Gobernuak, eta horrek ez lukeela horrela izan behar. Jeltzaleen esanetan Agorrosinen defizita "kontrolik gabe" dago: adibidez, azken urtean %31 hazi dela diote, eta joera hori eten beharra zegoela. 

%20ko igoera Bergaran erroldatutakoei bakarrik ezartzearen gainean, Ogasun batzordeko buru Ander Alberdik gogora ekarri du, lehen esan bezala, erroldatu gabekoek aurretik bazutela %50eko errekargua, eta erroldatuentzako prezioen %20ko igoerarekin, oraindik, errekargu hori %25ekoa izango dela. Eta gogorarazi du, baita ere, alkateak osoko bilkuran iragarritakoa, hartu-emanetan ari direla Antzuolako eta Elgetako udalekin, Agorrosinen defizitaren zati bat euren gain har dezaten udalok.

Azkenik, Udal Gobernuak adierazi du Agorrosingo prezioak %20 igota ere, ematen den zerbitzua kontuan izanda "nahikoa merke" izaten jarraitzen duela. Adibidez, abonua eta ikastaroa 43,83 euro kostako da hilean prezio berriekin. 

Gaiaren gaineko edozein kezka edo ekarpenetarako agorrosin@bergara.eus helbidea jarri dute herritarren eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak