Agorrosinen defizita 400.000 eurokoa dela dio EH Bilduk, eta ez milioi bat eurokoa

Julen Iriondo 2015ko aza. 4a, 17:27

EH Bilduk justifikatu ezina jotzen du aurreko osoko bilkuran onartutako kiroldegiko prezioen %20ko igoera. Ez zaie, gainera, onargarri iruditzen herrian erroldatutakoei bakarrik ezartzea igoera, eta ordenantza fiskalari helegitea jarriko diotela iragarri dute. Udal Gobernuak Kotxea Garajean programa kendu izanaren kontra ere egin du EH Bilduk.

EH Bildurentzat ez dauka inongo justifikaziorik 2016 urterako Agorrosingo prezioak %20 igotzeak, aurreko asteko osoko bilkuran EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu bezala. EH Bilduk dio "okerra" dela igoera arrazoitzeko erabili zen datua: "Osoko bilkuran esan ziguten Agorrosinek daukan defizita onartezina dela. Milioi bat euro aipatu zituzten. Datu hori okerra da".

Aurtengo ekainera arte udal kudeaketaren ardura izan dutenek diote Agorrosinen defizita jeltzaleek esandakoaren erdia dela. Are gehiago, EH Bilduk dio orain arteko datu erreal berrienak 2014ko ekitaldi bukaerakoak direla, eta datu horiek aztertuta defizita, ustiapenarena –hau da, inbertsioak-eta alde batera utzita– ez dela 400.000 eurora iristen. Horrek esan nahi omen du Agorrosinen autofinantzaketa %75etik gorakoa dela, eta hori kopuru "bikaina" da koalizioarentzat, aintzat hartuta administrazioaren zerbitzu bati dagokiola.

EH Bilduk argitu du aurreko ekitaldian Kirol zerbitzu osoaren defizita izan zela 800.000 eurokoa. Koalizioarentzat Kirol zerbitzu osoaren defizita konpontzeko modua ez da hori Agorrosingo erabiltzaileen kontura egitea.

Bestetik, %20ko igoera Bergaran erroldatutakoei bakarrik ezartzea onartu zen Gobernuko alderdien botoekin. Antzuolako eta Elgetako Udalekin defizitaren zati bat euren gain har dezaten hartu-emanetan ari direla adierazi zuen alkateak osoko bilkuran. Dena dela, Bergaratik kanpoko herritarrei eurei ez diete prezioa igoko –lehendik badute errekargu bat; orain murriztu egingo litzateke erroldatuek eta ez erroldatuek ordaintzen dutenaren arteko aldea–, eta Bergaran bizi arren beste nonbaiten erroldatuta daudenek ere igoera jasango ez dutela salatu du EH Bilduk. Koalizioak dio Udalak erroldatu bakoitzeko dirua jasotzen duela beste erakunde batzuetatik, eta, hain justu, zentzu horretan dirurik ematen ez dutenak izango direla oraingo erabakiaren onuradun.

EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio hurrengo osoko bilkurarako Agorrosingo finantzen azterketa sakon bat aurkez dezala, eta iragarri du helegitea jarriko diotela %20ko igoerari.

Bestetik, herritarrek euren zonaldean kaleko aparkaleku bat okupatu gabe kotxea garajean edukitzea bultzatu nahi zuen ekimena kentzea erabaki dute EAJk eta PSE-EEk, eta horren kontra ere egin du EH Bilduk: "Ez zuen konpontzen herrian aparkalekuekin dugun arazoa, baina ohitura on bat saritzen zuen eta sentsibilizatzeko ere balio zuen", zioen Leire Iruinek. Erabakia arrazoitzen duen azterketarik ez dagoela salatu dute EH Bildutik.

Oro har, 2016rako ordenantza fiskalak "inprobisazioaren ondorio larria" direla uste du koalizioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak