Urteroko ekintzez gain, nobedaderen bat edo beste ere izango da aurten, Jon Olivares auzo alkateak azaldu duenez. Besteak beste, gaur arratsaldean (19:30) futbito partidua izango da: Osintxukoak Bergarakoen kontra.
Partidua jokatu bitartean, iaz lehen aldiz egin zen munduko pintxoen dastaketa egingo dute plazan. Jatorri desberdinetako auzotarrek haien herrialdetako jakiak prestatzen dituzte jendeak proba ditzan.
Gauean, aldiz, rock estiloko hiru kontzertu izango dira ikusgai plazan montatu duten eszenatokian. Sardeska oreretarrak lehenik, Iskanbila arrasatearrak ondoren, eta bukatzeko, Zornotzatik etorritako Zeinke taldea izango dira taula gainean arituko direnak. Gaur gauean Osintxukoa ez den jendea erakartzea espero du Olivaresek.
Biharkoa, berriz, Osintxuarrentzat bereziki prestatutako eguna izango da, eta ekintza ugari prestatu ditzute goizean hasi eta gaueko ordu txikiak arte.
Bukatzeko, domekan, kalejira, meza eta herri kirolak izango dira goizean zehar. Arratsaldean, berriz, pilota partiduek, umeentzako jolasek eta buruhandiek agurtuko dituzte aurtengo Osintxuko jaiak.