Oxirondo azokako mostradoreetan, jakina, hileko lehen eguaztenetako azokaren helburuarekin bat eginez, sasoiko eta bertako produktuak eskaini zituzten baserritarrek. Pena apur batekin, hori bai, erosle gutxitxo ibili zelako atzokoan.
Azokarako propio
Edozein modutan, bertaratu ziren baserritarrek lana hartu zuten azokarako propio produktuak prestatzeko; Mari Carmen Etxeberriak, San Migel de Aritzeta auzoko baserritarrak, esaterako, barazkiekin batera, ogia eta harekin egindako gutiziatxo batzuk eraman zituen Oxirondora.
Jatekoez gainera, edatekoak prestatu zuenik ere izan zen, Arturo Garitano, adibidez. Bergarako Udalaren filosofiari lagundu nahian bertaratu zen, gainera, Garitano.
Esandako moduan, baina, atzokoa hitzordu berezia izan zen, eta horren adierazle, besteak beste, Giuseppe Santacroce Pino-k eraman zituen pintxo italiarrak.
Maila altuko kontzertua
Hitzordua borobiltzeko, Oxirondo azokaren ondoan, izen bera duen plazan jazz-flamenko doinuak barreiatu zituen Antonio Lizana musikari andaluziarrak eta bere bandak. Bertaratu zirenek maila altuko musikaz gozatzeko aukera izan zuten.