Candyko proiektu berrien gainean batzartzen jarraituko dute langileek

Leire Kortabarria 2015ko eka. 23a, 16:40

Atzo, astelehena, arratsaldean batzarra izan zuten Candyko langileek eta sindikatuetako ordezkariek, udaletxean. Helburua zen Candy berrindustrializatzeko bi proiektuen gaineko erabaki batzuk hartzea. Bada, batzarrean izan zirenek esan dute "oraindik lantzeko gauza asko" dagoela eta batzartzen jarraitu beharko dutela. Ildo beretik hitz egin du ELA sindikatuak ere, "Candyko langileen etorkizuna oraindik erabakitzeke" dagoela eta oraingoz ezer ez dela behin-betikoa esanez. Foru Aldundiak, bere aldetik, prentsa ohar bidez, "langileen batzordeak bi proiektuak onartu" dituela esan du.

Ordu eta laurden pasa iraun zuen Bergarako udaletxean langileek egin zuten batzar orokorrak; 50 bat lagunek parte hartu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiko aurreko gobernu-taldeak bideratutako bi proiektu industrial osagarri zeuden mahai gainean, eta horien inguruan hitz egin zuten Candyko langileek eta sindikatuetako ordezkariek. Denetariko zalantzak plazaratzeko eta komentatzeko aprobetxatu zuten batzarra eta batzartzen jarraituko dutela adierazi, "oraindik lantzeko gauza asko" dagoelako, euren esanetan.

ELA: "Oraingoz ezer ez da behin betikoa"

Ildo beretik hitz egin dute ELAtik ere. Sindikatuak, ohar bidez, azaldu du enpresa-komiteak itxuraz serioak direla iritzi diela bi proiektuei, eta beraz, biak aztertzea merezi duela. Antza, bi egitasmoen artean Candyko plantilla-soberakin guztia hartuko lukete eta, proiektuen sustatzaileen arabera, langile gehienak laneratzeko epea urtebete baino gehiago luzatzeko aukera legoke. 

ELAtik adierazi dute, baina, oraingoz ezer ez dela behin betikoa: "Zehazteke daude lanpostu kopurua, langileek egin beharreko ekarpenak, diru hori berreskuratzeko modua eta baldintzak, laneratzeko erritmoa... eta proiektuak zenbateraino izango diren bideragarri ere ez dago argi". Sindikatuko iturrien arabera, proiektuak behin betiko nola gauzatuko diren baldintza dezaketen osagai guztiak aztertzen ari dira  eta, xehetasun horiek ezagututakoan, soilik orduan, langile bakoitzaren esku izango da egitasmo hauetan parte hartzeko edo alde batera uzteko erabakia.

Bukatzeko, gehitu dute Candyko langileentzako irtenbidea "lan diskretu eta partekatutik" etorriko dela, eta ez "propaganda eta lehia alderdikoietatik". 

Aldundia: "Langile batzarrak onartu egin ditu bi proiektuak"

Bestela hitz egin dute legealdia amaitu duen Aldunditik: Candyko langile batzarrak bi berrindustrializazio egitasmoak onartzea erabaki duela azaldu dute, prentsa ohar batean; eta, datozen egunetan, Candyko langileak bi proiektuotako arduradunekin elkartuko direla, haien gauzapenaren xehetasunak lotzeko eta aurrerantzean eman beharreko urratsak adosteko. Mondragon Unibertsitatearen laguntza izango dute horretarako. Sindikatuei eta langile batzarrari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere eman zaio egitasmoen berri, Aldundiko prentsa oharrean jasotzen denez.

Eta zera gaineratzen du, azkenik: "Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa bete du, bi proiektu bideragarri aurkeztu dizkie Candyko langileei eta, horrez gain, berreindustrializazio prozesuan sakontzeko aukera bermatu du, Mondragon Unibertsitatearekin akordioa eginda".

Bukatzeko, Candyko eredua beste leku batzuetara eraman eta arazoak dituzten enpresek aurrera egiten laguntzeko "baliagarria" izan daitekeela adierazi du Foru Aldundiak.

Frantziako eta Bergarako enpresak

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere prentsa oharrean argitzen duenez, aurkeztutako bi proiektuak Urbanext eta Lanteko enpresenak dira. Lehenengoa Frantziako enpresa da eta bigarrena, Bergarakoa bertakoa, eta biek birziklapenaren alorrean dihardute (tetrabrikekin Urbanext-en kasuan, eta autoentzako piezekin, Lantekorenean). Bi enpresek metal alorreko hitzarmena ezartzeko konpromisoa dute, eta beren proiektuetan Candyko 70 langileek egin ahal izango dute lan. Sindikatuei eta langile batzarrari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere eman zaio egitasmoen berri.

Gipuzkoako Foru Aldundiak honakoa gaineratzen du: "Bere konpromisoa bete du eta bi proiektu bideragarri aurkeztu dizkie Candyko langileei. Horrez gain, berreindustrializazio prozesuan sakontzeko aukera bermatu du, Mondragon Unibertsitatearekin akordioa eginda. Candyko eredua beste leku batzuetara eraman eta arazoak dituzten enpresek aurrera egiten laguntzeko baliagarria izan daitekeela adierazi du Foru Aldundiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak