"CANDYKO LANGILEEN ETORKIZUNA, ORAINDIK ERABAKITZEKE
ELAk zehaztasun batzuk adierazi nahi ditu gaur komunikabideren batean agertu den informazioa dela eta.
Atzo langileen batzar bat izan zen, eta informazioa eman zitzaien Gipuzkoako Foru Aldundiko aurreko gobernu-taldeak mahai gainean jarri dituen bi berrindustrializazio egitasmoei buruz.
Bi proiektuak enpresa-komiteari eta plantillari azaldu ostean, komiteak itxuraz serioak direla iritzi zion, eta beraz, biak aztertzea merezi duela. Antza, bi egitasmoen artean Candyko plantilla-soberakin guztia hartuko lukete. Halaber, azaldu zenez, proiektuen sustatzaileen arabera, langile gehienak laneratzeko epea urtebete baino gehiago luzatu liteke.
50 bat lagunek parte hartu zuten asanblea amaituta, gehienek proiektu berriak gauzatzeko akordioen azterketa eta zehaztapenarekin jarraitzea erabaki zuten.
Legealdia amaitu duen Aldundiak Candyrako aurkeztu dituen proiektuak direla eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:
- Oraingoz ezer ez da behin betikoa: zehazteke daude lanpostu kopurua, langileek egin beharreko ekarpenak, diru hau berreskuratzeko modua eta baldintzak, laneratzeko erritmoa... ez dago argi ere proiektuak zenbateraino izango diren bideragarri.
- Proiektuak behin betiko nola gauzatuko diren baldintza dezaketen osagai guztiak aztertzen ari gara.
- Xehetasun hauek ezagututa, soilik orduan, langile bakoitzaren esku izango da egitasmo hauetan parte hartzeko edo alde batera uzteko erabakia.
Azkenik, bere garaian esan genuenez, Candyko langileentzako irtenbidea lan diskretu eta partekatutik etorriko da, ez propaganda eta lehia alderdikoietatik".