"Candyko langile batzarrak bilera egin du gaur eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako bi berrindustrializazio egitasmoak onartzea erabaki du. Beraz, datozen egunetan, Candyko langileak bi proiektuotako arduradunekin elkartuko dira, haien gauzapenaren xehetasunak lotzeko eta aurrerantzean eman beharreko urratsak adosteko. Horretarako, Mondragon Unibertsitatearen laguntza izango dute, zentro honek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako hitzarmenari esker.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako bi proiektuak Urbanext eta Lanteko enpresenak dira. Lehenengoa Frantziako enpresa da eta bigarrena, Bergarakoa bertakoa, eta biek birziklapenaren alorrean dihardute (tetrabrikekin Urbanext-en kasuan, eta autoentzako piezekin, Lantekorenean). Bi enpresek metal alorreko hitzarmena ezartzeko konpromisoa dute, eta beren proiektuetan Candyko 70 langileek egin ahal izango dute lan. Sindikatuei eta langile batzarrari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere eman zaio egitasmoen berri.
Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa bete du eta bi proiektu bideragarri aurkeztu dizkie Candyko langileei. Horrez gain, berreindustrializazio prozesuan sakontzeko aukera bermatu du, Mondragon Unibertsitatearekin akordioa eginda. Candyko eredua beste leku batzuetara eraman eta arazoak dituzten enpresek aurrera egiten laguntzeko baliagarria izan daitekeela adierazi du Foru Aldundia".