Optimizek aurkeztutako egitasmoak berrindustrializazioaren baldintza guztiak betetzen zituela dio oharrak, eta horregatik erabaki zuela Foru Aldundiak "sakon aztertzea" egitasmoaren bideragarritasuna. Baina azterketak ondorioztatu duela proiektuak oraindik ez daukala nahikoa heldutasun Candyren ezaugarriei erantzuteko.
Horregatik, Foru Aldundiak proiektua erretiratu du eta dagoeneko "beste aukera batzuk aztertzen" ari da, Mondragon Unibertsitatearekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena egina du Mondragon Unibertsitatearekin berrindustrializazio planen garapena jorratzeko, eta haren baitan hainbat ildo aztertzen ari da Candyrendako.
Azterketaren ondorioak gaur aurkeztu zaizkio Candyko Langile Batzordeari Donostian, Foru Aldundiaren jauregian, eta langileen batzarrari, Bergaran bertan.
Foru Aldundiak Candyrentzat irtenbide bat bilatzeko ardura hartu du bere gain; "bide hori Langile Batzordearekin egiten ari da, zorroztasunez eta seriotasunez, eta berdin jarraitzeko asmoa du" adierazi dute Diputaziotik.
Langileen ordezkaritzak bide horretan jarraitzeko mandatua eman dio gaur Foru Aldundiari, eta honek "irekita dituen lan ildoen berri" emango dio datozen asteetan.