Bergarako Candy enpresako langileek borrokan jarraitzen dute euren lanpostuak defendatzen.
Jaurlaritzarekin bide beretik
Aste honetan ere, han eta hemen ibili dira eta eguaztenean esaterako, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin elkartu ziren Candyko langileak. Industria garatzeko zuzendari Alejandro Lopez Carcamorekin batzartu ziren bideragarritasun planaren gainean jarduteko. “Eusko Jaurlaritzak ere eskatzen dio bideragarritasun plan bat. Uste du enpresa errentagarria dela, eta taldeak nahi badu, errentagarria eta bideragarria izan daitekeela”, azaldu du langileen batzarreko presidente Ramon Romerok .
Gaineratu du, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa bat eskatu diola Italiako zuzendaritza taldeari, baina ez dela posible izan, ez dutelako nahi izan, eta Bergarakoekin izan dutela kontaktua: “Eskatu zaie bideragarritasun plan bat aurkezteko, denbora bat eman zaie, eta esaten diete ez badute aurkezten, ulertzen dutela kontuarengatik paso egiten dutela eta trabak jarriko lieketela kontratuen atzeraldi espedienteak onartzerako orduan”.
Romerok azaldu du, bilera horren ostean, euren sentsazioa izan zela Eusko Jaurlaritzak ere euren moduan pentsatzen duela, eta gaineratu du, nahi bada, badagoela proiektua aurrera eramatea. Orain, taldearen erantzunaren zain geldituko dira baina Aldundiarekin ere harremanetan daude.
Barrakoia jarri dute kanpoan
Bitartean, Candyko langileak ez dira geldi geratuko. Astelehenean enpresaren aurreko aldean barrakoi bat jarri zuten eta bertan egoten dira. Enpresatik materiala atera nahi izan dute astean eta hori galarazteko piketeak egiten dituzte taldeka: “Printzipioz, hau hemen egongo da ikusten dugunera arte akordioren batera iristen garela, eta ez zaie utziko enpresatik ezer ateratzen”.
Hirugarren bilera Italiako zuzendaritzarekin
Horrez gain, gaur izan dute hirugarren bilera Italiako zuzendaritza taldearekin eta luze jo du. Zuzendaritzak aurkeztutako dokumentazioa argitzeko bilera izan da.
Borrokan jarraituko dute
Gainera, kontzentrazioak egiten jarraituko dute eguaztenetan eta datorren asteko eguenean manifestazioa egingo dute 18:30ean. Manifestazioa iragartzeko, asteko pare bat egunetan auto karabanak egingo dituzte: “Saiatuko gara baita ere beste gauza batzuk egiten, adibidez, boikota markari merkatal zentroren batean. Nahi dugu baita ere bat egitea Bilbon egingo den duintasunaren aldeko ibilaldiarekin eta seguru asko Corte Ingles-era edo beste zentroren batera joango gara salatzera patronalaren jarrera”.