Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez eman du ezagutzera zuzendaritzak bere proposamena.
Era berean, Bergarako lantegiaren produkzioa etetea "saihestezina" dela berretsi du Candy Hooverreko zuzendaritzak eta ixteko erabakia "arrazoi objektiboetan oinarrituta" dagoela dio.
Langileek, bestale, zuzendaritzaren proposamena aztertuko dutela adierazi dute eta ez dute batzarren gaineko beste baloraziorik egin, baina baieztatu dute "borrokan" segituko dutela, Bergarako Candy Hoover bideragarria dela uste dutelako.
Hemen oharra, osorik.
Bergarako Candy Hooverren Bergarako fabrikako langile batzordearekin izandako bileraren ostean, honako ohar hau kaleratu du Candy Hoover Etxetresnak SAko zuzendaritzak:
"Bergarako lantegiaren produkzioa etetea saihestezina da eta arrazoi objektiboetan dago oinarrituta: arrazoi ekonomikoetan, produkzioari lotutakoetan eta antolaketakoetan. Fabrikaren egoeraren azterketa zehatz eta sakonaren ostean hartutako erabakia da, urteetan, modu jarraituan, diru galerak izan dituelako. Produkzioa errentagarri egiteko hainbat neurri hartu diren arren, egoerari ezin zaio eutsi eta enpresan eta taldean eragina izaten ari da.
Azkeneko urteotan hainbat neurri hartu dira lantegiaren jardun produktiboari euste aldera; produkzio jarduna antolatzeko neurriak, lan karga handitzera bideratutakoak edota lan taldearen tamaina egokitzeko neurriak. Ahalegin guztiak egin arren, ezin izan da produkzioaren bideragarritasuna bermatu.
Gure obligazioa da negoziazio prozesuarekin jarraitzea eta, horretarako, proposamen arrazoizkoak egiten ari gara, egoera zein kontuan izanda, afektatutako langileei kalte txikienak eragingo dizkien aterabideak proposatuz. Neurri horien artean daude kaleratze kolektiboko espedientean sartuta dauden langile guztiak birkolokatzeko plan bat egitea. Plan hori Euskal Herrian esperientzia handia duen enpresa batek egingo du eta gaur enpresako langile batzordearekin izandako bileran mahaiaren gainean jarri dugu. Horretaz gain, konpromisoa daukagu legeak ezartzen duena baino indemnizazio handiagoa eskaintzeko langile kaleratuei, betiere parametro arrazoizkoetan oinarrituta, enpresaren egoera zein den kontuan hartuta".