"Munduan zehar zabaltzeko borrokan ari den euskal enpresa txikien sinbolo da Lazpiur"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko aza. 5a, 14:38

Lehendakariaren berbak dira. Eredu moduan jarri du 100 urte bete dituen Bergarako Lazpiur enpresa. Urteurren hori ospatzeko ekitaldia egin dute goizean, lantokian bertan. Iñigo Urkullu lehendakariak bertan azaldu du Lazpiur enpresa txikien sinbolo dela eta enpresa eredugarri bezala ere definitu du. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan izan da. Agintari eta langileez gain, beste hainbat enpresa ordezkari ere. Miguel eta Agustin Lazpiurrek, gaur egungo nagusiek, instalazioak erakutsi dizkiete bertaratutakoei.

Horrelaxe, aurreskuarekin, eman diote hasiera Bergarako Lazpiur enpresako 100. urteurreneko ekitaldiari. Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan izan da beste agintari batzuekin batera: Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia; Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidentea; Bergarako alkate Jaione Isazelaia eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua ere bertan izan dira.

150 gonbidatu

Guztira, 150 gonbidatu baino gehiago batu dira ekitaldian eta Lazpiurreko 112 langileek ere ez dute hutsik egin. Gonbidatuen artean izan dira baita ere hainbat enpresa ordezkari, Adegiko lehendakari Pello Gibelalde eta Jose Miguel Aiertza idazkaria, edota Confebaskeko lehendakari ohi izandako Baltasar Errasti eta Roman Knorr eta idazkari ohi izandako Jose Zubia eta Nuria Lopez de Gereñu.

Zorionak langileei

Ekitaldia Lazpiur enpresan bertan izan da eta gaur egungo enpresako zuzendari Migel Lazpiurrek hartu du hitza lehenengo. Azaldu du duela 100 urte oinetakoak egiten zituztela, gero iltzeak egitera pasa zirela eta azken hamarkadetan teknologia altuko eta forjako tresnen diseinu eta fabrikazioan dihardutela. Zuzendariak orain arte bertan lan egin dutenak eta gaur egun lanean dihardutenak zoriondu ditu: "Zuei, gaur hemen lanean zaudeten guztioi, zorionak zuen lan onagatik. Zuei eta lehenengo lanean egon diren guztiei, mila esker. Zuei esker gaude gaur hemen eta etorkizunean ere beste batzuk jarraituko dute Bergara, Euskadi eta mundu guztirako aberastasuna lortzen. Segi aurrera mutilak".

Munduan erreferente

Bergarako alkate Jaione Isazelaiak hartu du hitza horren ostean eta adierazi du poztekoa dela bergararrentzat gaur ospatu duten urteurrena: "Poztekoa da oso, bergarar guztiontzat, gaur ospatzera etorri garen urteurrena. Familia negozio batetik abiatuta, munduan zehar erreferente den enpresa bat sortzera iritsi zarete. Egoera zailetara egokitzeko eta berrikuntzarako grinarik ez duzue falta".

"Lurraldearekin konpromisio handia"

Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanok ere hitz egin du ekitaldian eta azaldu du Lazpiur enpresa eredugarria dela: "Lazpiur eredugarria dela esan daitekeela uste dut. Konpromisoa erosotasunaren aurretik daukatenen eredua. Badakizue ni ere Bergarakoa naizela eta ondo ederki dakit Lazpiurrek 100 urte hauetan izan dituen gora-behera guztien gainetik, lurraldearekin eta gure giza ingurumenarekin konpromiso handia erakutsi duela".

Garitanok gaineratu du, Lazpiur bezalako enpresei esker Gipuzkoa inguruko lurralderik lehiakorrena dela. Euren konpromisoa tokian tokiko garapena lortzeko bertako ekintzaile, sortzaile eta langileekin egiten dela.

Sinbolo eta eredu

Eta ekitaldi amaieran hitz egin du Iñigo Urkullu lehendakariak. Adierazi du enpresa txikien sinbolo eta eredua ere badela Lazpiur: "Lazpiur munduan zehar zabaltzeko borrokan ari den enpresa txikien sinboloa da. Egun bere ekoizpenaren bi heren baino gehiago kanpoan saltzen du. Sinboloa esan dut, eta eredua ere bada, euskal enpresa guztientzako eredua".

Eta Urkulluk gaineratu du, enpresa txikiei bere esker ona adierazi nahi diela egiten ari diren ahalegina azpimarratuz eta administraziotik laguntzak ematera konprometituaz.

Ekitaldia hasi aurretik, autoritateek bisita gidatua egin dute Lazpiurreko instalakuntzetatik eta ekitaldi ostean, gainontzeko gonbidatuek ere enpresa bertatik bertara ezagutu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak