"Baserriko semea zen, baina ikasketaduna. Zaletasun handia zuen teknologiarako, mekanikarako… argazkilari nabarmena ere izan zen. Sasoi hartan, 1900 inguruan, irrati aparailuak egin zituen, lagun batekin. Entzunda dut zela jarduten zuten etxe batetik bestera, garai hartan, irratitik berbetan".
Horrelakoxea zen Jose Lazpiur Agirrebaltzategi, Bergarako Lazpiur enpresako ugazaba eta zuzendari diren Miguel eta Agustin Lazpiurren aitajauna. Miguel ilobak egindako deskribapenak erakusten duen moduan, modernitatea, teknologia berriekiko zaletasuna eta etorkizun-sena barru-barruan zeramatzan hark.
Eta horiek abiapuntu, orain dela bi mende erein zituen Murinondo auzoan dagoen Lazpiur enpresaren eta lazpiurtar enpresa familiarraren oinarri diren haziak, zapata-fabrika eran erein ere.
Orduko datu objektiboek erakusten dute Zurraberokua auzoan eraiki zuen enpresaren garrantzia: 200 beharginek jarduten zuten eta egunean 250 zapata pareko produkzioa izatera iritsi ziren.
Datuok gaur egun garrantzitsuak badira, pentsa 1914. urtean zenbaterainoko ikusgarritasuna eta garrantzia izan zuen Jose Lazpiur y Cya enpresak Bergaran eta Gipuzkoa osoan.
Lehendakariaren bisita
Bada, nolako zura, halako ezpalak. Esaera zaharrak ondo definitzen du lazpiurtarren enpresa-ibilbidea.
Ehun urte, lau belaunaldi, bi pabiloi, 112 langile, hogei patente, 25 herrialdetako merkatua… herri bakarra: Bergara.
Gaur egungo Lazpiur enpresaren zenbakiak dira horiek. Iñigo Urkullu lehendakariak datorren eguaztenean bertatik bertara ezagutuko dituenak.
Izan ere, Jose Lazpiur y Cia enpresari buruz dagoen lehen dokumentazioa oinarri hartuta (1914an azaltzen da, Gipuzkoako Diputazioaren datuetan), azaroaren 5a da Construcciones Mecanicas Lazpiur SA enpresaren ehungarren urteurrena. Eta hori dela-eta izango dute lehendakariaren eta bestelako autoritate ugariren bisita.
Eguaztenean, 10:00etan hasiko da urteurren ekitaldia. Eta lehendakariarekin batera Lazpiurren izango dira Arantza Tapia, Industria sailburua; Alex Arriola, SPRIko zuzendaria; Martin Garitano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidentea; Jaione Isazelaia, Bergarako alkatea; Estibaliz Hernaez, Berrikuntzako sailburuordea; eta Confebask-eko, teknologia zentroetako, enpresa arloko… ordezkari, bezero, hornitzaile… ugari. 150 bisitari espero dituzte, gehiago ez badira.
Lazpiurrek dituen 30.000 metro koadroko instalazioak bisitatuko dituzte, eta halako ekitaldietan ohikoak diren diskurtsoak, bideoak-eta eskainiko dituzte.
Orain, dotore
Baina, batez ere, enpresa-familia horren "erretratuak" bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte.
Egungoa, dotorea. 2007an hasitako krisiaren gorri koloreko zenbakiak atzean uztea lortu duenarena. Urteotan galerak izan arren, langilerik kaleratu ez duen enpresarena. "2008ko irailean, Leman Brothers jausi ostean, eskaera guztiak geratu egin zitzaizkigun. 2006an fakturatu genuenaren erdia fakturatu genuen. 3-4 urtean dirua galtzen egon arren, ez genuen inor etxera bidali. Batzuk erretiratu egin ziren, adostuta, baina inor ez genuen etxera bidali", kontatu du Lazpiurrek, pozik.
Gaur egun hogei milioi euroko fakturazioa lortzea helburu dutela gaineratu du Lazpiurrek, hark dioen moduan, "krisiari tamaina" hartu diotelako, "momentuz, behintzat. Umiltasunez esan behar da hori", zehaztu du, hala ere, bere ikurretako bati men eginda.
Baina familiaren beste ikurretako bati men eginez ere, aurrera begira, etorkizunari begira jarrita dio hori. Berrikuntza, kalitatea, lanarekiko kultura eta, batez ere, herriarekiko konpromisoa bandera dituela.
Azken horren adibide da 100 urtean, eta zailtasunak zailtasun, jaioterrian egoteari eutsi diotela gogor. Eta fabrikara sartuta herritartasun hori begi-bistan dagoenala. Adibide handi bat: euskara da entzuten den hizkuntza. Eta adibide txiki bat: Lazpiurren bulegoak Bergarako altxorren izenekin bataiatuta daude: Olaso dorrea, Irizar jauregia… "Laster tokien argazkiak jarriko dizkiegu letreroei, kanpokoek ere lekuak ikus ditzaten", dio Lazpiurrek bergarar izateagatik harro asko.
Konfiskatu, kartzelan…
Hori guztia ezagutuko dute bisitariek bai. Baina izango dute, baita ere, lazpiurtarrek 100 urteko enpresa ibilbidean gainditu behar izan dituzten oztopoen berri.
Adibidez, 1937an, Bergara jausi zenean, fabrika konfiskatuta egon zen: "Familia dena zen abertzalea, nazionalistak. Gerran galtzaile izatea tokatu zitzaien. Emakumeak hemen geratu ziren, baina gizonezkoek, gure aitonarengandik hasita, ia 60 urte edo gehiagorekin ihes egin behar izan zuten. Beste semeak, berriz, batzuk kartzelan egon ziren, beste batzuk Batallon de Trabajadores-en… denetik tokatu zen. Enpresa egon zen konfiskatuta bando nazionalaren eskutik; eta gerraren bueltan familiak ez zuen lortu enpresa martxan jartzea behar den moduan, eta fabrika geratu egin zen. Orduan, gure aita [Jose Lazpiur Elkoro, Pepe Lazpiur] hasi zen puntaparitza-k (iltzeak) egiten, Andaluzia aldean ihes eginda ibiltzetik bueltatu zenean. Oso urte zailak izan ziren, eta txakur handia edozein tokitatik atera behar izaten zen (…) 15 urterekin bukatu nuen eskola profesionala eta lanean hasi nintzen Eibarko tailer batean. Familiari lagundu egin behar zitzaion, eta lanbidea ikasi. Baina han nenbilela, Bergarako enpresari Teodoro Uriartek Industrias Niton lan egiteko deitu zidan, tornulari. Pare bat urtean ibili nintzen, oso gustura. Baina etxeko negozioa ez zebilen ondo, gure aita ere urteak aurrera, eta zerbait egin beharra zegoen. Orduan enteratu nintzen Mondragoen zela zegoen tornu bat saltzen: Osuma bat (…) Eskatzen zituen orduko 50.000 pezeta eta gure aitak, beti zintzo jokatuta, diru hori bazeukan, eta neuk animatu nuen hura erostera hemengo tailerrak atenditzeko (…) Bizikletan hartu eta eramaten nituen lanak", gogoan du Miguel Lazpiurrek fabrikaren ibilbidean inflexio puntu izan zeneko hura.
Bisitariek jakingo dute, baita ere, zela Miguelek asmatu zuen 60ko hamarkadan enpresaren lehen patentea, etxeko sukaldean hasi eta Loiolako kuartelean soldadutzan bukatu zuena planoetan; Agustin anaiak Dos Caballos-ekin Agustin anaiak Dos Caballos-ekin Bergarara ekarri eta bertan muntatu zuena: torlojuen puntuatzailea, Espainian lehena.
Eta jakingo dute horrelaxe hasi zela Lazpiur makinak egiten. Gaur egungo negozioarekin, alegia. Gero etorriko ziren makina berriak, elektronika, forjarako tresneria lanak, nazioartekotzea, kalitate ziurtagiriak… gaur egungo krisia eta hura gainditzea.
Eta fabrikara doazen bisitariek konklusio moduan aterako dute 100 urteotan ikur izan duten filosofiarekin segitzen badute, Lazpiurrek beste horrenbeste urte lasai hartuko dituela.
MIGUEL LAZPIUR | Enpresako gerente eta ugazaba
"Hemen eta hemendik egingo dugu"
Miguel Lazpiur (Bergara, 1942) da oraindik orain enpresaren gidaritzaz ardura dena, Agustin anaiarekin eta Jone alabarekin batera.
Zuen ibilbidearen berri izan ostean atera dudan konklusio bat da lana gogor egin ezean ez dagoela ezer…
Bai, hemen jai dago. Txantxetan hasiz gero, jai dago. Ikusi ditugu adibideak: beste batzuek lana egin, eurek ondo hartu gauzak eta alferrik galdu.
Beste konklusio bat da berrikuntza ezinbestekoa dela.
Dudarik gabe. Berrikuntza eta produktibitatea. Eta horrek ematen du lehiakortasuna. Hori derrigorrezkoa da. Hori da baserritarra eta belar motzaren kasua: zelaian belar motza duen baserritarrak kolpe asko eman beharko dio segarekin traktorea betetzeko; eta gaur egun hori dago. Baina hori horrela egonda ere, emaitzak lor daitezke.
Enpresa baten oinarrizko zutabeak dira, beraz….
Ilusioa, konpromisoa eta ondo egindako lanarekiko maitasuna. Horiek dira oinarrizko erremintak; eta horrek ekartzen ditu etengabeko egokitzapena, berrikuntza eta kalitatea. Eta horiek gakoak dira.
Eta nahiz eta zerbaitek ondo funtzionatu, beharrezkoa da bai edo bai berritzea….
Bai. Beti. Ze egoera azaltzen den merkatu horretan, egoera horretara moldatu beharra dago-eta. Egokitzeko gaitasuna da hori.
100 urtean horrenbeste eraldatu den enpresa bat non ikusten duzu 100 urte barru?
Uf, hori ez da erraza. Badihardugu anaiak eta biok... hemen dugun jendearen artean lanerako kultura sartu, hori sakondu, guk dakigun dena erakutsi, berrikuntzaren garrantzia barruraino sartu, eta kanpora begira enpresa jarri. Ze Espainiako merkatua bada, baina kanpora irten beharra dago, bestela jai dago-eta.
Lazpiurrek altxor moduan definitzen du langileen inplikazioa. Kapitalaren gainetik?
Bai, bai. Uste dut hori oso garrantzitsua dela, bestela jai dago-eta. Hori lortzen ez bada, ez da erraza. Kapital handia egon daiteke, baina bestea egoten ez bada…
Lazpiur 100 urtean Bergaran egon da, beti. Horrek ahalegin berezia eskatu dizuete?
Euskaldun bezala beti sentitu izan gara, bergarar bezala ere bai. Eduki izan ditugu egoera zailak. Adibidez, biolentzia-terrorismoa ere bai, lehergailua jarri ziguten… baina, hala eta guztiz ere, sekula ere ez dugu pentsatu hemendik alde egiterik. Geure konpromisoa hemen lan egitea da, hemen bizi gara, lagunak hemen ditugu, gure mundua da… Hemen eta hemendik egiteko asmoa dugu, betiko.
Ez duzu sekula izan tentaziorik enpresa multinazional bati saldu eta trankil bizi izateko?
Tentazio batzuk egon dira, bai. Baina hor gauzak garbi ditugu.
Kalitateari hemen nahiko inportantzia eman zaiola esango zenuke?
1980an kanpora irteten hasi ginen eta erdi akonplejatuta etortzen ginen euren eta gure arteko kalitate desberdintasunarekin. Baina nik uste dut Euskadi oso eredu ona izan zela, eta Jaurlaritzak jarri zituen planak enpresetako kalitatea hobetzeko: ziurtagiriak… eta guk gaur egun dugun kalitatearekin, finlandiarrekin borrokan gabiltza. Industrian hobekuntza handia ikusi da. Kalitatea baino gehiago, euskaldunok izan dugun arazoa da beti saltzaile txarrak izan garela; ostera, egiten beti jakin izan dugu.
100 urteotan zeintzuk izan dira enpresak izan dituen inflexio puntuak?
Zortzi izan dira: Osuma tornua erosi; punteadorea egin; etxetresna elektrikoen sektorearendako lan egin; osagaien insertadorea egin; forjarako tresneria egiten hasi; kalitate ziurtagiriak eskuratu: zilarrezko Q-a, urrezko Q-a, EFQM… ; GKN-Lazpiur Joint Venture-a; eta krisia. Eta horri zela tamaina hartu diogun, momentuan, behintzat. Umiltasunez esan behar da hori, tamaina hartu diogula, oraingoz.