'Ontziratu Zaitez' Bergaran ere

Jagoba Domingo 2014ko ira. 29a, 21:38

Kontsumo jasangarria lortzeko helburuarekin, kanpaina berri bat jarriko dute abian Bergaran urriaren 11n. 'Ontziratu zaitez!' lelopean, harategi eta arrandegietan paper eta plastikozko bilgarrien erabilera murrizteko asmoz, tupperrak banatuko dituzte, herritarrek erosketak horiekin egin ditzaten.

Kanpaina Bergarako Udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean antolatu dute, eta Bergarako dendariekin bilera egin dute gaur azken xehetasunak azaltzeko asmoz. Guztira 17 komertziok hartuko dute parte tuperraren erabilera sustatzeko kanpainan; guztiak harategi eta arrandegiak. Sustapen kanpaina sei hilabeteetan zehar egingo da herritarren ohiturak aldatzeko asmoz, eta horretan laguntzeko, 3000 tuper banatuko dituzte dohainik, etxe bakoitzeko bana.

Ekimenak hiru helburu ditu; batetik, erosketak modu garbian egitea, erosleek behin etxera iritsita jana zuzenean hozkailuan sartzeko; bestetik, saltokientzako kostuak murriztea, horrenbeste paperezko eta plastikozko poltsak erabil ez ditzaten; eta azkena, hondakin gutxiago sortzea. Horrez gain, erosketak tuperrarekin egiten dituzten herritarren artean, 20 euroko bonuak zozketatuko dituzte hilero, denda bakoitzean bana.

Ekobira, beste kontsumo mota bat posible delako

Horrez gain, Ekobira, kontsumo jasangarriaren azoka ibiltaria, Bergarako San Martin plazan izango da urriaren 11an. Azoka bera aprobetxatuko dute ontziak banatzen hasteko, 10:30ak eta 14:30ak artean eta 16:30ak eta 19:30ak artean. Urriaren 15ean ere banatuko dituzte ontziak, Udaletxeko arkupetan 17:00ak eta 20:00ak artean.

Kontsumo jasangarri eta solidarioa bultzatzea da Ekobiraren helburua eta horretarako, ingurumenean eragin txikia duten produktu eta zerbitzuak herritarrei eskura jarriko dizkiete. Bertan izango dira produktu ekologikoak ekoizten dituzten nekazariak eta artisauak, material birziklatuekin egingo produktuak eta energia berriztagarriekin lotutako enpresak besteak beste. Guztia, beste kontsumo mota bat posible dela aldarrikatu eta herritarrei erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak