'Garbiena… Zikintzen ez duena!' dela zabaldu gura du Bergarako Udalak kanpaina berrian

Horixe da Bergarako udalak matxan ipini berri duen kanpainaren izenburua. Helburua da herria zaindu eta garbi mantentzearen inguruko gogoeta bultzatzea eta bide horretan, herritarren ideiak biltzea. Horretarako udalerrian arazoak dauden gune edota esparruak identifikatzen ari da udala hainbat eragileren laguntzarekin.  

Bergarak eredu izan gura du kaleko garbitasunari dagokionean eta horretarako, Garbiena, zikintzen ez duena! izeneko kanpaina ipini du martxan. Izenburuak berak dioen moduan, helburua da herritarrak kontzientziatzea eta guztien artean, sortzen den zikinkeria nabarmen gutxitzea. Izan ere, hori ohiko arazoa eta kexa iturria da Bergarako herritarren artean: “Animalien gorotzak direla, lurrera botatako objektu eta hondakinak direla… bergararren elkarbizitzan eragiten duen alorra da”, dio Nagore Narbaiza parte-hartze teknikariak.

Kanpaina parte-hartzailea izatea gura du Udalak, problematika horren inguruko gogoeta eta ekintza multzoa bideratuz. Herritarrek herria txukunago mantentzeko ideiak helaraztea gura dute. Horiek oinarri hartuta, gero, ekintzak diseinatuko dira.

Hasierako fasean dago ekimena eta datozen hilabeteetan joango da gauzatzen. 

Hala, Udala dagoeneko hasi da arazoari irtenbidea emateko eragileekin bilerak egiten. Gaur, herritarrei dei egin diete, norberak bere ekarpenak egin ditzan. Horretarako, udalarekin harremanetan ipintzeko ohiko bideak erabili daitezke: herritarrenpostontzi@bergara.net helbidea; twitter @BergarakoUdala; Facebook/Bergarako­_Udala; Udaletxeko telefonoa edota lehiatila bera.

 

Detektatutako eremuak

Orain arte egindako gogoetetan, ekin beharreko eremuak detektatu ditu udalak. Besteak beste, honakoak: lurrera botatzen diren bildukin eta objektuak, animalien gorotzak, natura inguruetan uzten diren hondakinak, zintzilikarioetan, lurrean uzten diren zabor poltsak eta kartelak eta bestelakoak.

Esandako moduan, horietan guztietan ekiteko sentsibilizazio bideak eta ideiak bideratu gura ditu udalak herritarrekin eta bestelako eragileekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.