Eguraldi onak lagunduta, kulturaz gozatzeko nahi beste aukera izango dute bergararrek aurtengo udan. Izan ere, gaur aurkeztu dute Bergarako udako kultur agenda eta gustu guztietarako proposamenak biltzen ditu.
Eskaintza kultural berezia aurkeztu dute Bergaran udarako, eta aurtengoan, inoiz baino ekimen gehiago izango dira kultur agendan. Izan ere, antolatzaileek argi ikusi dute eguraldi onak lagunduta eta kanpoan egiten diren ekintzek jende gehiago erakartzen dutela negukoek baino. Hori dela eta, indartu egin dute udako eskaintza.
Zinema, antzerkia eta musika dira egitarauaren ardatzak eta arlo bakoitzean gustu guztietarako proposamenak biltzen saiatu dira antolatzaileak.
Egitarauak bere baitan zentzu bat izan zezan, asteko egunen arabera antolatu eta sailkatu dituzte ekintzak. Honela, martitzenetan zinema saioak eskainiko dira, eta eguaztenetan, San Martin plazan edo Muniben ekintzak egongo dira. Besteak beste, aurten lehenengoz, soka zirkua etorriko da Bergarara.
Kale antzerkiak eguenetan
Horrez gain, uztaileko bi eguenetan, pintxo-poteko giroa aprobetxatuz, kale antzerkiak egingo dira, eta egubakoitzetan, nola ez, urtez urte indartuz joan den Berumuga. Musika beltzaren zikloak egitarau interesgarria izango du aurten ere, besteak beste Jimmy Barnatan artista etorriko baita.
Musika Hamabostaldia
Abuztuaren 22an, gainera, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin egingo dute bat eta Xabier Munibe Peñafloridako Kondearen obra bat izango da Bergaran.
23:000 euroko aurrekontua
Aurrekontuari dagokionez, 5.000 euro erabiliko dira zinema saioetarako, antzerkietarako 12.000 eta Beromugak 10.500 euroko gastua izatea aurreikusi dute. Dena den, azken bi sailek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasoko dituzte, eta oraingoz zenbatekoak izango diren ez badakite ere, gastuak murriztea espero dute antolatzaileek.