Xabier Munibe Peñafloridako kondearen bizileku izandako Bergarako Errekalde Jauregia izan da agertokia, Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek wolframa isolatzea lortu zutenetik 230 urte pasatu direnean eta Errekalde jauregia, Bergarako Zientzia Museo bilakatzeko hilabete gutxi batzuk gelditzen direnean. Testuinguru ezin hobea, zientzia sari batzuen sari-banaketa ekitaldi baterako.
Jaione Isazelaia eta Ima Beristain Bergarako eta Antzuolako alkateak, Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, EHUko hainbat disziplinatako irakasle eta ikertzaileak, Elhuyarreko sortzaileak eta langileak eta Udako Euskal Unibertsitateko bazkide eta lantalde zabala izan dira ekitaldian.
Lau saritu eta aipamen berezia
Oihana Jauregik Elhuyarreko kide eta Tecnopolis saioko aurkezleak gidatu du sari banaketa. Saria jasotzen lehena, Gorka Zabaleta Lotepetegi (Zumaia 1973) izan da, Angulari erradiografia delako artikuluagatik. Hirugarrenez jaso du Zabaletak Zientzia Kazetaritzaren arloko saria. Aurten, angula jaiotzen denetik hiltzen denera arte egiten duen ibilbideaz aritu da artikuluan.
Zientzia Kazetaritzaren arloak aipamen berezia ere egin gura izan du aurten epaimahaiak. Amaia Portugal Gonzalezentzat (Donostia 1984) izan da hori, Giza eboluzioa berridazten izeneko artikuluagatik. Portugalek Georgiako Dmanisiko aztarnategiko ikertzaileek argitaraturiko ikerketa izan zuen hizpide. Ikerketa horren arabera, Homo generoko hasierako norbanako guztiak erectus espeziekoak lirateke.
Dibulgazio artikulu onenaren saria, Fikzioa errealitate bihurtzen denean izenburuko lanak irabazi du. DeustoTech-eko ikertzaile Gorka Azkune Galparsorok (Azpeitia, 1982) idatzi du hori, sistema adimentsuen esparruko ikerketetan sakontzen diharduenak. Teleportazioa izan du hizpide Azkunek artikuluan eta arreta berezia eskaini dio teleportazio kuantikoaren aukerari. Star Trek fikziozko telesailetik hasi eta Kanariar Uharteetan eginiko benetako esperimentu bateraino garamatza egileak.
Egile doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria Eneko Bachiller Otamendik jaso du (Donostia 1981), Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira artikuluagatik. Bergeneko Itsas Ikerketa Institituan (Norvegian) dihardu doktoretza-ondoko proiektuan lanean, espezie pelagikoen arteko elkarrekintza trofikoak aztertzen. Epaimahaiaren ustez "izenburu erakargarri batekin hasita, erraz irakurtzen den artikulua osatu du Bachillerrek, ikuspegi eta egitura egokiak dituena".
Iaz sortutako Zientzia Gizartean sorkuntza beka Xabier Erkizia Martikorenari (Lesaka 1975) eman diote, Idazketa isilak izeneko proiektua garatu ahal izateko. Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuei laguntzea da kategoria honen helburua. Kasu honetan, soinuak grabatu ahal izateko teknologia asmatu aurretik, bestelako euskarrietan gordetako soinuak aurkitu eta erregistratzea da proiektuaren helburua.
Merezimendu saria Udako Euskal Unibertsitateari
Urte luzez hainbat diziplinatan egindako dibulgazio lanagatik, euskararentzat eremu berriak lantzeagatik eta elkarlanerako erakutsi duen gaitasunagatik, Udako Euskal Unibertsitateak jaso du 2013ko CAF-Elhuyar Merezimendu saria. Elhuyar fundazioko lehendakari Txema Pitarteren eskutik jaso du saria UEUko presidente Iñaki Alegriak.
Hemen, saritutako lanak irakurgai.