'Faustinarekin munduratuz' antzezlana, Bergaran [ZAPATUA, 18:00]

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko mar. 21a, 10:00

Eneko Etxebarrieta Faustina bizikleta gainean.
'Faustinarekin munduratuz' antzezlana ikusteko aukera egongo da bihar, zapatua, Bergarako Zababalotegi aretoan, 18:00etan hasita. Ikustera joan gura dutenek 4 euro ordaindu beharko dituzte. 



Eneko Etxebarrieta gasteiztarrak lau urtean zehar munduari emandako biran bizi izan zituen bizipenetan oinarritutako lanarekin bidaiatzeko aukera izango dute 4 eta 8 urte bitarteko neska-mutilek.  


Etxebarrieta bera da protagonista antzezlanean, baina badu lagun fidel bat: Faustina bizikleta. Aurpegia dauka, bizi-bizirik dago, eta txirrinaren bidez hitz egiten du. Biekin hamaika abentura biziko dituzte bihar Zabalotegira gerturatzen direnek.


Etxebarrietak bisitatuk dituzten tokien gainean egin du berba: "Besteak beste, Tibetera igo eta jak animaliak ezagutuko ditugu; haien adarrek beldurtuta, Txinara jaitsiko gara eta gaua iristen denez, harresiaren ondoan kanpatu eta istorioak kontatuko ditugu Faustinak eta biok. Australiara ere egingo dugu salto, aborigenekin ibiliko gara..."


Munduan zehar dauden kultura eta bestelako gauzak ezagutzera emateko modu bat ere bada kontakizuna. "Munduan dagoen aniztasunaren berri izatea funtsezkoa dela uste dut, oso garrantzitsua da. Gure planeta bakarra da eta gauza asko eskaintzen dizkigu, mezu hori ere zabaldu gura nuen".


Teatro Paraisoren laguntza


Baina nola sortu zen antzezlana egiteko ideia? Etxebarrietak berak eman ditu azalpenak: "Gure etxean ez dugu telebistarik ikusten eta abenturak kontatzeko ohitura daukagu; orduan ohartu nintzen umeek modu berezian jarraitzen zituztela istorioak. Sakon bizi dituzte, aho-zabalik geratzen dira. Eta horren ongi funtzionatzen zuela ikusita beste haurrentzako zerbait prestatzea erabaki nuen, ipuin-kontaketa bat edo. Baina azkenean antzezlan bat egokiagoa izango zela pentsatu nuen".


Eta gasteiztarrak bere hiriko Teatro Paraiso taldearen laguntza izan du proiektua egikaritzeko. Gainera, Faustinarekin munduratuz lanari musika Bingen Mendizabalek ipini dio.


Emaitzari begiratuta, nahiko kontakizun fidela dela dio Etxebarrietak: "Antzezlanean kontatzen ditudan pasarteak benetan gertatu ziren; baina egia da interpretatuta daudela". 


Bestalde, antzezlana osatzeko orduan kontuan hartu duten beste alderdi bat giroa sortzea izan da: "Neska-mutilak istorioan harrapatzeko funtsezkoa da giro aproposa sortzea. Hain zuzen, etxean erraz lortzen nuena beste antzeztoki batean ere erdietsi behar nuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak