Donostiako Zinemaldiko 61. edizioan aurkeztuko du Asier Altuna Kixi-k Zela Trovke (Belarra mozten) film laburra. Moritat bati buruzko dokumentala da; hau da, krimen baten istorioa kontatzen duen abesti eslovakiar zahar bati buruzkoa.
Eslovakia Euskal Herritik urrun egon arren, filmean argi geratuko da kultura ezberdinen artean parekotasun handiak daudela. Doinu berriak, sentipenak, emozioak... horiek guztiek bat egingo dute domekan Zabalotegin, 19:00etan.
Film laburra eskaini ostean, gainera, solasaldia izango da. Bertan, herrikideek bere lanari buruz dituzten galderak erantzungo ditu Kixi-k.
Solasaldia amaitutakoan, kontzertua
Behin Altunaren filma ikusi eta komentatu ostean, Neighbor taldeak kontzertua eskainiko du. Bikotea da Neighbor; hain zuzen ere, Maite Larburu euskaldunak eta Josh Cheatham amerikarrak osatuta dago. Lotura zuzena du taldeak Asier Altunaren filmarekin, Larburuk azaldu duenez: "Niri buruzkoa da, Holland Baroque Society-rekin irrati baten emandako saio batean gertatuko pasarte batean oinarrituta dago".
Larburuk aditzera eman duenez, biek ala biek antzinako musika egitea dute ogibide: "Musikari klasiko moduan maiz jo izan dugu munduan zehar, eta bizilagunak ere bagara, Amsterdameko auzo berean. Baina duela urte pare bat gure kantu propioak sortzen hasi ginen".
Bikote bezala sortu dituzten kantuek ez dutela musika klasikoarekin zerikusirik gaineratu du hernaniarrak: "Ez da antzinako musika klasikoa entzuten gure abestietan. Neighborrek egiten duena bestelakoa da, estilo anitz nahasten baititugu".
'Ura patrikan' lana
Domekako saioan entzungo denagatik galdetuta, honakoa erantzun du Labarburuk: "Cheathamek gitarra eta ganbera-biola joko ditu, eta nik, ostera, nire ahotsarekin lagunduko ditut bere doinuak. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz kantatuko dut. Gaztelupeko Hotsak-ekin urrian kaleratu genuen Ura patrikan lana emango dugu ezagutzera: folk, blues, jazz zein Brasilgo musika eta kantu tradizionaletik hartutako herri kantagintzako pieza".