Lehen hilabetea pasata, hondakinak batzeko sistema mistoarekin pozik dago Bergarako Udal Gobernua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 19a, 16:24

Hilabete pasa da Bergaran hondakinak batzeko sistema mistoa martxan jarri zenetik, eta Udal Gobernuak orain arteko ibilbidearen irakurketa positiboa egin du. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, 2013ko datuekin alderatuz hondakinen kopurua %35 murriztu da otsailean, izan ere, hondakinen %81 gaika jaso da.

Bergarako Udal Gobernuak prentsaurrekoa egin zuen atzo sistema mistoaren gaineko balorazioa egiteko. Lehen hilabete honetako ibilbidearekin pozik daude, gaikako bilketak oso emaitza onak eman dituelako.  Adierazi zutenez, papera eta kartoia, ontziak, beira, errefusa eta organikoa kontuan hartuta, lehen hilabetean %35 murriztu da hondakinen kopurua.Hau da, hondakinen %81 gaika batu da otsailean.

Mankomunitatearen datuak hiru edo lau hilabete barru

Mankomunitateak aurrerago egingo du azterketa sakonago ba: "Mankomunitateak egingo du balorazio berri bat baina horrek hiru edo lau hilabete itxarotea eskatzen du. Orduan bere osotasunean egingo dugu azterketa sakonago bat. Hala ere, datu onak direnez ezagutzera ematea pentsatu dugu jendea motibatzeko, ikusteko egindako lanak bere fruituak eman dituela", adierazi zuen Leire Iruin Ingurumen zinegotziak.

Baikor dira Udal Gobernu taldeko kideak, diotenez, herritarren gehiengoaren inplikazioa eta ardura handiak direlako: "Herriak jokatzen du paperik garrantzitsuena, etxean norberaren ardura da ondo bereiztea. Orain arteko gaikako bilketak oso emaitza onak eman ditu".

Bergara Garbiaren salaketak gezurtatu

Bestalde, Udal Gobernuak martxoaren 17an ateratako bandoaren gainean Bergara Garbiak egindako salaketak gezurtatu ditu: "Bando informatzailea zen eta 19 gunetan jarri ditugu, begi bistara poltsa gehien ikusten ziren lekuetan. Bizilagun horiei esan diegu nola jokatu behar duten. Era berean, esan gura dugu gehiengoak ondo egiten duela eta gutxi batzuk desitxuratzen dutela besteek egindako lana", uste du Iruinek.

Hondakinen Mahaira, "lanketa serio" bat egitera

Era berean, Jaione Isazelaiak Harira saioan gezurra esan zuela uste dute Bergara Garbiak, EAJk eta alderdi sozialistak. Udal Gobernuak dioenez, zintzo joan ziren Hondakinen Mahaira: "Lanketa serio bat egin gura genuen, adostasun batera heldu, baina ez zen posible izan. Denok dakigu mahai horretan gauza asko esan zirela. Hau da, 12 saio egin ziren eta hasieratik jarrera itxia izan bagenu ez genituzke 12 bilera egingo".

Amaitzeko, Udal Gobernuak ere Arrasateko akordioa oso positibotzat jotzen du. Gogorarazi gura izan dute, baina, Arrasaten helburuak adostu dituztela eta probaldia izango dela.  Emaitzak ez badira lortzen atez ateko sistema jarriko dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak