Bergara Garbia, EAJ eta PSE-EEren oharra:
"Hilabete pasa da Bergaran atez ateko sistema martxan jarri zenetik. Astebetera, udal gobernuak balorazio txiki bat egin zuen, non gaiaz arduratzen den zinegotziak "pozik" zeudela adierazi zuen hondakin bilketari buruzko daturik eman gabe. Orokorrean, atez ateko sistema ezarri duten beste udalerrietan tokian-tokiko gobernuek, Bergarako gobernuak baino balorazio baikorragoak egin dituzte. Zerbait ez doa ondo gure udalerrian, izan ere, udal gobernuak hitz gutxi esan zituen lehen balorazio hartan. Orain alkate andereak hartu du hitza.
Ohar hau sinatu dugunok, Bergara Garbiak, EAJ-PNVk eta PSE-EEk bat egin dugu bergararrei argi eta garbi esateko ez ditugula onartuko inolaz joan den astean komunikabide batean alkateak egindako adierazpenetan esandako gezurrak.
GEZURRA DA Bilduk Arrasaten ezarri duen sistema bera jartzeko aukera luzatu izana oposizioko taldeei. Arrasaten, organikoa jasotzeko 5. edukiontzia ezartzeko erabakia hartu eta errefusa jasotzeko edukiontzia mantendu dute. Hau da, hondakin bilketa osoa edukiontzi bitartez egingo da. Bergarako alkate andereak ez du inoiz onartu hondakin bilketa osoa edukiontzi bitartez egitea. Horren lekuko gara Bergara Garbia, EAJ-PNV eta PSE-EE, hondakin mahaiaren partaide izan baikara. Hasieratik jarri nahi izan dituzte "txintxilikarioak", negoziaketetan hasi ginen momentutik, eta gainera, hasterako jada erosiak eta prestatuak zituzten materialak Bergarako lokal batean.
Alkatearen adierazpenek ez dute inolako sostengurik. Alkateak adierazi modura, nonbait udal gobernua prest zegoen 5. edukiontzia jartzeko, Arrasaten bezala, nola uler daiteke orduan ez jarri izana? Ohar hau sinatu dugunok horixe bera eskatu dugu behin eta berriz, bai hondakinen mahaian, baita publikoki ere, orain alkate andereak informazioa manipulatu nahi badu ere. Gauza bera eskatu dute bergararrek sinaduren bitartez, balkoietan poltsak ipiniz eta manifestazio, kontzentrazio eta herri kontsultaren bidez. Alkate andereak herritarren gehiengoa aurka duela jakinda ere, beste aldera begiratu du bere erabaki politikoa inposatu ahal izateko.
Bilduk bere atez ateko sistema inposatzea erabaki du, horrek ekar ditzakeen ondorio guztiekin eta orain kontsekuenteak izan beharko dute hartutako erabakiarekin.
Zer espero dezakegu bere inposaketa defendatzeko errua besteei bota eta naturaltasun osoz gezurrak esaten dituen alkate batetaz? Erabaki politiko bat hartzean argudiatu egin behar da, baina hanka sartzen denean barkamena eskatzen jakin eta akatsa zuzendu behar da. Bergarako alkateak ez du horrelako ezer egin. Gure aburuz, bergararrek ez dute udal gobernu hau merezi eta horregatik, alkate andereari eskatzen diogu gezurrik ez esateko, atez ateko sistema alde batera uzteko eta Arrasaten ezarri duten sistema bera martxan jartzeko hondakin bilketa osoa edukiontzi bidez egiteko".