Beñat Iturriotz filmaren sortzaileetariko bat da eta Joxean's Hileben ikustera doanak film bitxi bat topatuko duela dio. Lehenengo begiradan, zonbiz eta banpiroz betetako lana da; baina gainera, pertsonaia historikoak dira protagonista; hain zuzen ere, Zumalakarregi eta Agirre lehendakaria. "Satira politikoa da, azken finean, egungo panorama politikoaren satira. Baina, gainera, istorioan klabe historikoak txertatu ditugu, karlistaldiari buruzkoak, esaterako. Informazio dezente dauka lan honek".
Filmeko musikak ere erreferentzia egiten die kantu tradizionalei; hori bai, apur bat eguneratuta, modu elektronikoan agertuz, esate baterako.
Ideia, mendian lanean
Iturriotzek filmaren ideia lanean sortu zela eman du aditzera: "Xabier Padin eta biok arkeologoak gara, eta mendian lanean ari ginela, B serieko filmak izan genituen berbagai, zonbiei buruz hitz eginez... Gustatzen zaizkigun gaiak elkartu, nahastu eta zonbi karlistak eta ezker abertzaleko momiak atera zaizkigu!".
160 pertsonaren laguntza
Katihotsak Logia kultur elkartearen lana da Joxean's Hileben. Eta esan bezala, Iturriotz eta Padin dira ideiaren sortzaileak eta baita argumentua idatzi zutenak ere.
Baina alboan izan dituzte lagunak, eta lagunen lagunak, Iturriotzek berak aditzera eman duenez: "Proiektuan moduren batean edo bestean parte hartu duten 160 lagun inguruk. Gehienak, 110 pertsona, aktore moduan aritu dira; beste batzuek estra moduan agertu gura ez eta mikrofonoei eusten egin dute lan; txapelak utzi dizkigute beste hainbatek...".
Eta guztiak koordinatzeko sare sozialak baliatu zituzten: "Deialdiak eta filmatze egun bakoitzeko beharrak sarean bidez zabaltzen genituen, eta jendea agertzen joaten zen".