The Potes-en folk eta rock doinuek eta Never Surrender-en punk-rockak dantzan jarriko dute gaztetxea zapatuan. Never Surrender taldeak urtebete pasatxo darama bere herrian jo barik. Horri gehitzen badiogu martxoan geldialdia egingo dutela, ezin da ukatu zapatukoa kontzertu berezia izango dela. Bide zuzenetik oker diskoa aurkeztu zutenean bete egin zen gaztetxea eta AGAKOk –Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua– espero du zapatuan ere hala gertatzea. Izan ere, gaztetxearen gastuei aurre egiteko kontzertua izango da; batzen den guztia gaztetxean geratuko da.
The Potes, Pogues-en erritmora
Laukote arrasatearraren aurretik The Potes taldeak joko du. The Pogues taldearen folka oinarri –hortik taldearen izena bera ere–, askotariko bertsioak joko dituzte. Musikaren munduan eskarmentu handiko musikariak ditu taldeak, Rip taldeko Jul –banjoa jotzen du– eta Sala anaiak, esaterako. Ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da; aurrerapen ederra Never Surrender-en zuzenekoa girotzeko. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.