Uxue Agirre: "Pazientzia txikiko neska naiz eta inspiratuta egon behar dut idazteko"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 14a, 16:54

Uxue Agirrerena izan da Amodiozko Gutunen Lehiaketaren Bergarako lanik onena.
Itzulpengintza ikasten ari da Uxue Agirre 20 urteko bergararra. Amodiozko Gutunen Lehiaketan Bergarako lan onenaren saria eskuratu berri du.

Lehenik eta behin, zorionak! Espero zenuen saria?

Egia esan, ez. Izan ere, lana aurkezterakoan, Jardunetik jakinarazten dute jaso dutela, baina aurten ez da horrela izan. Eta azkenean, ezusteko polita eraman dut eta poz-pozik nago!

Beraz, ez da Amodiozko Gutunen Lehiaketara aurkeztu zaren lehen aldia?

Ez, urte askoan aurkeztu izan ditut nire lanak, lau alditan edo. Beste lehiaketa batzuetara ere aurkeztu izan naiz, baina tarteka; Bergarakoan urtero parte hartzen saiatzen naiz.

Nola sortu zen Ibairen eta Ainhoaren arteko istorioa?

Ez nion buelta handirik eman, egia esan behar badut. Bueno, zerbait berezia, originala egin gura nuen, iruditzen zait-eta amodiozko gutunetan ere denetik ikusita dagoela dagoeneko. Ez baduzu zerbait berria egiten, jendea aspertzeko arriskua dagoela esango nuke. Faktore garrantzitsua da irudimenari eragitea. Eta horregatik hautatu nuen amodio estuegia ona ez den erabakia adierazten duen gutuna idaztea.

Mezua du eskutitzak. Epaimahaiak gutun ausarta dela gaineratu du...

Hori esan dute, bai. Baina, egia esan, ez nenbilen horren atzetik; noizean behin, inora ez doazen istorioak irteten dira; eta beste batzuetan, horrelako erabaki baten aurrean azaltzen da pertsonaia ausart bat, eta, oro har, mezu bat igortzeko balio du lanak.

Eta, aspalditik duzu idazteko zaletasuna?

Gaztetan hasi nintzen. Egia da lehen ohitura handiagoa neukala, eta orain apur bat lagata dut. Pazientzia txikiko neska naiz, eta, gauzak ez bazaizkit irteten, albo batera uzteko ohitura daukat. Horregatik, inspiratuta egon behar dut idazteko; bestela, ez dut idazteko berezko jariorik. Nire buruarekin askotan haserretzen naiz gura dudana idazteko gai ez naizelako.

Hitanoa baliatu duzu gutunean.

Ez da lehiaketara hitanoz aurkezten dudan lehenengo lana. Zergatik? Uste dudalako oso polita dela hika berba egitea, eta galtzen ari den zerbait da, tamalez. Nik ez dut erabiltzen, baina etxean gurasoek elkarren artean egiten dute. Saiatzen naiz haiek niri ere modu horretan hitz egin diezadaten, ikasi egin gura baitut, baina, ohitura kontuengatik, ez zaie samurra egiten. Beraz, gutxienez horrelako lanetan baliatzen dut. Eta gainera, mutil baten larruazalean sartuta idatzita dagoenez, aditzak ere desberdin landu dira.

Epaimahaiak beste ezaugarri bat nabarmendu du lanetik, gainera: erabili duzun hizkuntza aberatsa dela.

Asko irakurtzeko ohitura daukat eta horrek eragiten du hizkuntza erabileran, noski. Dena dela, itzulpengintza ikasten dihardut, egunero lantzen eta aztertzen dut hizkuntza, eta horrek ere zerikusirik izango du.

Zure idazle alderdia ezagutu dugu, baina nor da Uxue Agirre?

Oraindik gaztea naiz eta nire bizitza osatzen joateko denbora luzea daukat: bidaiatu, ikasi eta min hartuko dut, okerrak egingo ditut... Eraikitze prozesuan nago eta Uxue Agirre zein den galderari erantzuteko, urte batzuk geratzen zaizkit!

Erlazionatuak

Bergarar onena

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 13 Bergara

Lehen saria

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 07 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak