2009ko irailaren 21ean
Laztantxo maite,
Eskutitz hau irakurtzen ari bazara, sentitzen dut. Nahiago nuke irakurri beharrik izango ez bazenu; ezta nik idatzi beharrik ere. Pentsatzen dut zertatik ariko zaren pasatzen. Horregatik idatzi nuen eskutitz hau neurologoanean izan ginen egun hartantxe etxera iristean.
Gustatuko litzaidake zuk ahalik eta gutxien irakurri behar izatea baina, benetan behar duzunean eskura izan ezazu. Nahi nuke une zail eta gogorretan eskutitz hau irakurtzea, izan dadila arnasaldi bat, indar ufada edo olatu bat. Eta bete zaitzala, guztiz agortu aurretik, karga ditzala zure pila eta indarrak. Ondotxo dakizu zuk zer pasa dugun lehendik ere etxe honetan amonarekin, badakizu nola bizi izan naizen urte askoan eta ez nuke nahi inondik inora ere zuk berdina pasatzerik. Ez, zuk ez laztantxo.
Gogoratzen, zenbat ordu pasatzen genituen sukaldeko epelean, amonari kontu egiten, eskolako lanetan, zartagin eta lapikoekin jolasten, kantuan... Gogoratzen, txikia zinenean nola erakutsi zizun amonak puntu egiten? Oraindik hor nonbait gordeta egongo dira zure txikitako orratz eta hariak. Zure izena brodatu zenion aurreko mantala ere, armairuren batean egongo da seguruenik. Akordatzen, zenbat ipuin, kondaira eta istorio kontatzen zizkizuten aitonak eta amonak? Eta nola ikasi zenuen leihotik begiratzen? Zeruak zer esaten zizun, haizearen txistua entzuten, txorien kantua, zuhaitzak nola jantzi eta eranzten ziren, animaliek zer berri zekarten… Gogoratzen, etxeko hiru erreginen erreinuan inor gutxiri uzten geniola sartzen esku hutsik bazetorren? Eta aitonak eta zuk piratetara jolasten zenutenean, bera bastoia eta zu ezpatarekin? Haiek garaiak haiek! Zuk behintzat ttiki, ez ahaztu. Ez ahaztu zer bizi izan dugun, zer izan garen eta geratu oroitzapen goxo eta politenekin. Besteak… ez du merezi burua besteekin alferrik betetzeak.
Barkamena ere eskatu nahi nizuke ttiki, badaezpada. Barkatu buruhauste asko eman badizut, edo lan gehiegi ematen ari banaiz. Barkatu gauetan lorik egiten uzten ez badizut, edo nire gainean egotera behartuta sentitzen bazara. Barkatu etengabe galduta eta noraezean banabil, edo gehiegitan errepikatzen banaiz. Barkatu zutaz fidatzen ez banaiz, gauzak non gorde ditudan, edo zertarako diren gogoratzen ez badut. Barkatu zure izena oroitzen ez badut, edo egunen batean zu ezagutu ez eta nor zaren galdetzera iristen banaiz. Barkatu laztantxo. Baina badakizu ez naizela ni, ez naiz ni iraindu, oihukatu edo jotzen zaituena.
Ez naiz ni buruhauste edo lanak ematen dizkizuna. Ez naiz ni lorik egiten uzten ez dizuna, galtzen dena, errepikatzen dena, gauzen bila dena hankaz gora jartzen duena, zure izena ahaztu duena edo ezagutzen ez zaituena. Ez naiz ni; ez da hori zure ama, gaixotasuna da. Bere menpe hartuta nauka eta nahieran narabil txotxongilo baten moduan.
Ez itzazu aintzat hartu tristetzen zaituzten egoerak, mesedez. Oraindik elkarrekin gaude, oraindik zure ama naiz eta zu nire alabatxoa. Horregatik eskatu nahi dizut, gaixotasunak guztiz hartuta ez naukan momentuetan, benetako ama alabak izaten jarrai dezagun. Oraindik banagoelako, oraindik banaizelako eta izaten jarraitu nahi dudalako.
Laztantxo, izugarri maite zaitut, ez inoiz ahaztu.
Bihotzez, zure ama