Adio, maitte
Ohea huts, airea hotz eta eskutitz deslai hau sarrerako mahaian. Eta ni despedida hitzekin gutun bat hasten. Paradoxa ote? Heure buruari galdezka ariko haiz, ulertu nahian. Labur eta sinple azalduko dinat. Ahalegina behintzat.
Maite haut, Ainhoa. Hezurretaraino, erraietaraino, arimaraino. Beste inor baino gehiago maite haut, neure burua bera baino gehiago maite haut. Baina, hortxe zagon koxka. Ez naun neure buruaren jabe, hireganako maitasun mugagabe honek dominatu egiten nain. Trapuzko txotxongilo bat besterik ez naun hire eskutan. Bazekinat ez dela hori hire asmoa, zoritxarrez, ordea, halaxe dun. Eta nik sokak moztu nahi dizkinat, neure oinetan ibili, neure ahotik hitz egin, neure ekintzen jabe izan. Eta horretarako gai naizenean hire eskua hartu. Eskua hartu, eman, heldu, utzi, askatu. Neure eskua.
Izan ere obsesio bihurtu haiz niretzat. Ez dinat beste ezer buruan. Hi haiz, Ainhoa, nire obsesioa, droga eta bizioa. Heroinomano batek heroinatik behar dinan moduan behar dinat nik hiretik. Ez naun lotsatzen, esan egingo dinat. Ainhomanoa naun. Lehenengo urratsa onartzea izaten omen dun. Hori behintzat egin dinat, orain bigarren pausua zetorren. Distantzia. Aldendu egin behar naun, higandik eta hire mundutik.
Hain nagon errotuta hiri, aberrian sustraiak bota dituena bezalaxe. Eta erbesteratu, desterratu egingo naun borondatez, nahi dinatelako, baina batez ere behar dinatelako nire bihotzaren aberria, nire lekukotasuna, nongotasuna, nire gorputzaren mugetara bueltatzea. Eta hireetatik ateratzea, horregatik erbesteratuko naun atzera ere benetan dagokidan aberrira.
Bazekinat, ez dun ulertzen erraza, errudun sentituko haiz orain agian. Baina, sinetsi egin behar dun. Ez dun higatik. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez dun hire azalagatik, ez hire begiengatik, ez hire sabelagatik, ezta biok ezagutzen dinagun txoko ezkutu horregatik ere. Ez dun hire ahoagatik, ez dun hire bizkar gozo, leun eta infinituagatik, ezta hire sabelagatik ere. Ez dun hire usaina, ez dun hire ilea, hire begirada, zerion argia eta bakea. Hire belarria, estaltzen dinan belusezko kapa, hire ahotsa, eta ezta lo hondarrek tatuatzen dizkinaten betazpiak ere. Ez dun hire sugandila mihi zorrotza, hire azalaren umeltasuna, hire musuen leherketa, eztanda. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez txinparta bat, ez malko bat, ez xerlo bat, ez hasperen bat. Ez dun horietako ezer, eta dena dun.
Hire azala, hire beroa dun, Ainhoa, bizitzeko behar dinaten airea. Eta nik ez dinat beste inoren ahotik arnastu nahi, neure neuretik baino. Horregatik, maitea, behar dinat higandik askatzea. Hire aldamenean egotea, goizero esnatu eta hire soaren oihartzunari behatzea, gauetan hire arnasaren erritmoan kulunka lokartzea, nahi bat, desio bat izatea besterik gabe. Eta ez behar bat, derrigorra, ezinbestekoa.
Maitasun kontutan irabazle irteten omen dun bihotza, harremana porrotera kondenatuta egonda ere hari egiten zionagu jaramon. Zaurituta, mailatuta, minberatuta bihotza, baina irabazle. Halaxe egon dun nirea. Badun aldatzeko ordua. Badun nigan pentsatzeko garaia. Bihotza bero eta burua hotz izan ditinat orain arte; burua bero eta bihotza hotz izango ditinat hemendik aurrera, sendatu artean bederen. Eta orduan, agian, itzuliko naun hire mundura neure oinetan.
Hartzan muxu hau, Ainhoa, hau bai, hau hirea dun eta.
Ibai