Amodiozko Gutunen 22. Lehiaketako lehenengo saria Amaia Artola tolosarrak irabazi du

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 14a, 16:55

Epaimahaiko kideak eta Jardunekoak
Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketak baditu irabazleak. Amodioa eta euskara ardatz dituen lehiaketaren 22. jardunaldia da aurtengoa, eta eguaztenean elkartu zen epaimahaiak erabaki zuen gutunik onenaren irabazlea dela Amaia Artola Etxeberria tolosarra; 500 euroko saria jasoko du horrek otsailaren 14an egingo duten sari banaketa ekitaldian. Asteleheneko GOIENA paperean, Amaia Artolari egindako elkarrizketa zabala izango duzue irakurgai.

Epaimahai nagusiko kideak izan dira: Yon Suinaga idazlea; Manex Agirre bertsolaria; Miren Narbaiza musikari eta kantaria; eta Iratxe Esnaola 2013ko lehiaketaren irabazlea.

Aurten 65 gutun jaso dituzte, eta epaimahaiko kideek jakinarazi dute ezinezko eta ezkutuko maitasuna izan dela gehien errepikatu den gaia: "Sufrimendu batetik idatzitako gutunak". Umorea eta erotismoa, ostera, gutxi. Eta gaineratu dute: "Teknologi berriek ere izan dute euren lekua (facebook…). Eta azken lerrora arte nori idazten ari diren ez jakitearen teknika asko landu da".

Amaia Artola irabazleak alzheimerra duela jakinarazi dioten ama batek alabari idatzitako gutun hunkigarria aurkeztu du. "Garapen ona eta ondo idatzitako gutun borobila, perfektua. Oso intimoa eta amodioaren ikuspegi partikularra lantzen duena", esan dute epaimahaiko kideek.

Bigarren geratu da Barakaldoko Diego Leon, eta epaimahaiak jakinarazi du: "Hunkigarria, sentimenduz betetako gutuna. Betiko maitasunen topikoa errepikatu arren, lehenengo pertsonan idatzitako gutun orijinal eta sinesgarria". 250 euro jasoko ditu.

Bergarar onenaren saria, ostera, Uxue Agirrek eskuratu du. Agur gutuna idatzi du horrek: "Amodio estuegia ona ez denaren erabakia adierazten duen gutun ausarta. Barruko sentimenduak adierazteko hizkuntz aberatsa erabilita", diote epaimahaikoek. 150 euro eskuratuko ditu.

Ainhoa Ortega, gazteen artean  

Epaimahai gazteak 26 urtetik beherako gutunak baloratu ditu, eta kideak izan dira Bergarako ikasleak: Maddi Elortza, Karmele Uribesalgo, Maider San Torcuato eta Ane Eraña. Algortako Ainhoa Ortegaren gutunari eman diote horiek saria; 150 euro.

Epaimahai gazteko kideak.

Amaia Artola, irabazlea: "Nagusien zaintzaileak eskertzeko da gutuna"

Psikologoa da eta idazteko zaletasuna du tolosarrak.

Zelan animatu zara lehiaketara aurkeztera?
Nire lanarekin zerikusia duen istorio bat kontatzeko gogoa nuen –pertsona nagusiak eta horien zaintzaileak– eta hortik etorri da gutuna. Istorio asko, bizipen asko jasotzen ditugu eta horien berri eman gura nuen; niregatik idatzi dut, baina baita zaintzaile horiengatik ere.

Gutun berezia da…
Bai, gainera ez gaude ohituta halakoak irakurtzera. Amak alabari idatzitako esker gutuna da, eta horrekin gura nuen indar ufada bat bidali nagusiak zaintzen dituzten horiei guztiei, egiten duten lana errekonozitu eta eskertu, eta zergatik ez, omenaldi txiki bat egin.

Epaimahaiko kideek esan dute gutun borobila dela, perfektua.
Gehitxo esatea izango da, baina ez noa kontra egitera.

Uxue Agirre, bergarar onen: "Originala izan behar duzu zerbait lortzeko"

20 urte ditu bakarrik baina ez du lehenengoz parte hartu.

Ez zara lehenengoz aurkeztu.
Ez, 16 bat urte nituenean hasi nintzen eta ia urtero bidali izan dut gutuna.

Hortaz, baduzu idazteko zaletasuna.
Bai, astia dudan guztietan saiatzen naiz idazten. Eta ipuin  lehiaketa batzuetara ere aurkeztu izan naiz.

Mutil batek idatzi du gutuna, samurra da mutilaren papera hartzea?
Egia esan izenarekin hitz jokoa egin gura nuelako bakarrik hartu dut mutil papera.

Agur gutuna da baina ez ohikoa, eta ausarta dela esan du epaimahaiak?
Ez dakit ba… Dagoeneko gai asko landu izan dira eta zerbait lortzeko originala izan behar duzu.

Eta saria espero zenuen?
Ez, sorpresa polita izan da. Hori bai, gustura geratu nintzen egindako lanarekin.

Erlazionatuak

Bergarar onena

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 13 Bergara

Lehen saria

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 07 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak