Abenduan, sistema mistoa Gabon ostean abiaraziko zela zehaztu eta gero, azken osoko bilkuran, otsailaren 4ko data jarri zen. Udal ordezkariek aipatu moduan: "Gehiegi luzatu den prozesu baten ostean, azkenean sistema martxan jarriko dugu".
Martitzenean martxan jarriko den sistema mistoa izango da, errefusa eta materia organikoa esekitokien bidez atez ate jasoko da. Horretarako, bezperan herriko edukiontzi berde guztiak kendu eta esekitokiak erabili beharko dira. Gainontzeko hiru gaiak (beira, papera-kartoia eta ontzi arinak) orain arte moduan dagokien edukiontzietan batuko dira. Sistema misto hori baina ez da behin betikoa izango. Udalak ekainera bitartean jarraipen zehatza egingo dio eta gaika jasotzen dena %70 baino gutxiago bada edo hondakinak gaizki bereizita botatzen direla ikusten badu, papera eta ontzi arinak ere esekitokietara eroan beharko dira. Beiraren, olioaren eta oihalen edukiontziak ere mantendu egingo dira.
Baliabide ekonomikoak
Puntu horrek desadostasun handiak sortu ditu. Aintzane Oiarbide jeltzalea hondakin bilketaren kontra azaldu eta berau garatzeko Bilduk bideratutako diru kantitatea "onartezina dela" azpimarratu zuen. EAJren ustez, "Mankomunitateak ez du dirudik abian jarri duen hondakin bilketa zirkoa martxan jartzeko". Oiarbidek osoko bilkuran aipatu moduan "Epeleko zabortegi zaharra seilatu eta mantentze lanak egiteko diru poltsa erabiltzen ari dira, erabili ezin denean". Horren ostean, hondakin bilketak, Mankomunitateko gastu arrunta igo duela esan eta Bildu, "debagoiendarren etorkizuna hipotekatzen ari dela" gaineratu zuen. Jeltzaleen ustez, "Bilduk krisitik irteteko lan egin beharrean, atez atekoa inposatzeko lan egiten du".
Leire Iruin zinegotziak bizkor erantzun zion, "hondakin mota berri bat jaso behar denez, sistema garestiagoa da, baina zuek proposatzen duzuen edukiontzi bidezko sistema ez da doakoa". Gastuen igoera onartu, eta dirua, kamioi berriak erosteko bideratu dela azaldu zuen. Horren ostean, sozioekonomia eta enplegu sustapeneko partida handitu dituztela zehaztu ondoren, "ongizatea da murriztu ez dugun partida bakarra" argitu zuen.