"BEREHALAKO INPOSAKETA
Inposatu nahi diguten bilketa sistema berehala martxan jarriko dutela jakin dugunez, Bergara Garbia herri plataformatik, atez ateko bilketa sistemaren aurka bozkatu zuten 4.771 bergararren ordezkari gisa, ondorengo adierazpenak egin nahi ditugu:
Bergarako Bildu-Aralarrek inposaketa politikarekin jarraitzen du, bergararren nahi eta iritziak kontuan izan gabe.
Gainera, kuboak jasotzera behartu nahi izan gaituzte behin eta berriz bidali dizkiguten eskutitzekin (1.800 eskutitz banatu dira, kuboak jaso ez dituzten familien artean) honen aurrean, guk aurretik genuen jarrera berdina mantenduko dugu; ez jaso kuborik, eta jaso dituzuenok ez erabili. Bestalde, beldurraz baliatuta inposatu nahi dute Bildu-Aralarrek beren sistema, isun ekonomikoak ezarriz, bergarrak bildurtuz eta sistema erabiltzera behartuz, eta ondorioz, bizilagunak isunekin kezkatuta egotea lortu dute.
Baina, Debagoienako Mankomunitateak atera duen ordenantza aztertu ondoren, ondorengo ondorioak atera ditugu (21-24 artikuluetan) organikoa Mankomunitateak eskainiko dituen poltsa konpostagarrietan atera daitekeela eta errefusa edozein plastikozko poltsetan. Poltsa hauek lurrean utziko ditugu, ezartzen dituzten egunak errespetatuz, txintxilikarioen alboan.
Bildu-Aralarri exijitzen diegu, gogoeta egin dezan eta 5. edukiontzia ezarri dezan, Legazpin bezalaxe, bi bilketa sistemen arteko emaitzak alderatzeko. Gobernu taldeak biztanleriaren gehiengoaren nahia bere gain hartu dezan nahi dugu, demokratikoki. Bien bitartean, ekintza desberdinekin jarraituko dugu eta protesta ekintza berriak ere antolatuko ditugu herritarron nahia lortu arte.
Berriz ere, Bergarako Bildu-Aralarren gobernatzeko era diktatoriala salatu nahi dugu. Bilketa selektiboa bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak egin eta herritarren partaidetza bultzatu beharrean zaborraren arazoari konponbidea aurkitzeko, beste garai bateko errezeta ezarri nahi digute, erabaki eta agindu inor kontutan hartu gabe, sistema garesti, zikin eta atzeratua inposatuz.
ZERGATIK ARRASATEN BAI ETA BERGARAN EZ?
ATEZ ATEKORIK EZ, 5. EDUKIONTZIA BAI
INPOSAKETARI EZ! ATEZ ATEKOARI EZ"