Bergarako sozialisten bozeramaile Mari Karmen Barrenetxeak bere "harridura" azaldu du, eskualde berean dauden kasu ezberdinen aurrean: "Arrasaten, atez atekoa geldiaraztea lortu duten bitartean, adibidez, Bergaran atez atekoa inposatuko da, dekretu huts bidez eta herritarren borondatearen gainetik". Horri gehitu dio, "herritarrek eurek egindako galdeketan agerian geratu" zela "bilketa sistema horrekiko aurkakotasuna": "Boto emaileen %98 bosgarren edukiontziaren alde azaldu ziren".
"Demokrazia lezioa"
"Bergararrek pazientzia handia erakutsi dute, Bilduren krispazio eta probokazioetan erortzea saihestuz. Herritarrek jarrera baketsua izan dute, baina argia eta irmoa euren aldarrikapenetan, eta horrek Bilduri sekulako demokrazia lezioa emateko balio izan du", azaldu du Barrenetxeak.
"Hondakinak batzeko sistema garestiago, zikinago eta deserosoago bat ezarrita, herritarrak izango dira kaltetu nagusiak", bere hitzetan, eta arrazoi horregatik Bergarako alkateari eskatu dio "tik autoritarioak alde batera utzi eta herri mugimenduari kasu egiteko".
Bukatzeko, Mari Karmen Barrenetxeak esan du sozialistek "birziklatzearen aldeko apustua" egiten dutela, baina ez "derrigortzea, intimitatea urratzea, espazio publikoaren kaltetzea edo beharrezkoa ez den gastu publikoaren gehikuntza bat suposatzen duten neurriekin".