Organoa dute pasio, eta ezagutzera ematea desio

Jokin Bereziartua Lizarazu

Ezkerreko erretratuan, Arrasateko parrokiako organista-titularra den Gurutze Urribarren; eskuinekoan, Ander Etxebarria eta Eugenio Etxebeste organo-joleak atzean organo kutuna dutela. 

Arrasateko San Juan Bataiatzailearen Elizako organoa konpontzen ari direla baliatuta, gaur egun organoarekin harreman berezia duten hiru lagunekin elkartu da GOIENA: Gurutze Uribarren (Arrasate, 1947), Ander Etxebarria (Bilbo, 1960) eta Eugenio Etxebeste (Arrasate, 1947). Aste bukaeran, gainera, protagonista izango da organoa bera: zapatuan Goikobalu abesbatzarekin batera entzun ahalko da, eta baita domekan ere, meza berezian, parrokiako koruarekin batera. 

Gaur egungo Arrasateko parrokiako organoa 1914koa da, Lopez de Alberdirena. Eta organo haren gainean gehiago jakin nahi duenak badauka, besteak beste, Josemari Velez de Mendizabalek organoaren mendeurrenaren bueltan idatzita honako artikulu hau. Eta ez hori bakarrik, organo-jole titularra urte luzez izan zen David Arzamendi ere ezinbestean aipatu beharra dago... Hala ere, gaur egun organoarekin harreman berezia duten hiru lagunekin elkartzea nahi izan du GOIENAk. 

Gurutze Uribarren, 12 urtez organo-jole titularra

2014an Arzamendi hil eta ordutik San Juan Bataiatzailea parrokiako organo-jole titularra da Gurutze Uribarren. Gaur egun Donostian bizi den arren jaioterriarekin lotura estua du oraindik Uribarrenek: "Sustraiak ez dira sekula ahazten". Filologia ikasketak egin arren, bizitza osoa musikari lotuta egin du. "8 urterekin hasi nintzen pianoa jotzen eta 12 urterekin, Uribarriko On Jose apaizak hala eskatuta, gai nintzen Uribarriko sakristiako harmonium txikian pieza batzuk jotzeko. On Jose joan bitartean domekero jotzen nuen; goizean mezan eta arratsaldean errosarioan".

Gurutze Uribarren, parrokiako organoan, abesbatzarekin entsegua hasi aurretik.

Hala ere, oso presente dauka Uribarrenek garai hartan emakumeak ezin zirela korura igo: "Garai hartan, Uribarriko elizan ere, emakumeok ezin ginen korura igo eta bertan zegoen organoa jo. Horregatik konfesatoki ondoko harmonium txikian jo behar izaten nuen. Gaur egungo ikuspegitik erabat ulertezina da; sentitzen dut esatea, baina Eliza oso matxista izan da. 40 urte bete nituen arte ez nuen aukerarik izan organo bat dagokion lekuan, koruaren ondoan, jotzeko". 

Gurutze Uribarren: "Garai hartan, emakumeok ezin ginen korura igo eta bertan zegoen organoa jo; 40 urte bete arte ez nuen aukerarik izan organo bat dagokion lekuan, koruaren ondoan, jotzeko"

40 urterekin hasi zituen organoa jotzeko ikasketak, eta zortzi urtez egon zen astero Gasteizera joaten: "Organoko ikasketak amaitu ostean aukera izan nuen organoa jotzeko; betiere, David Arzamendiren ordezko eta laguntzaile gisa. Arzamendi hil zenean nik hartuko nion lekukoa; akaso akats batzuk egingo ditut baina argi daukat esperientzian ez nauela inork gainditzen... [barreak]". Uribarrenek dio "ohore handia" dela berarentzat parrokiako organista titularra izatea: "Organoak harrapatu egin ninduen, pianoak ez bezala. Antzeko instrumentuak izan arre, teknika guztiz ezberdina da". 

Urtean "hamar bat alditan" jotzen du organoa herritarrentzat: "Ospakizun berezietan jotzen dut. Italiako konpositore erromantiko handien piezekin ondo moldatzen naiz –Lorenzo Perosi, Joseph Marx eta Raffaele Casimiri, besteak beste–... Esan dizut, esperientziak pisu handia duela! [barreak]. Eta orain serio berba eginda: Julian Sagasta abade eta organo-jole arrasatear handiak, Vatikanoan titularra zenak, ekartzen zizkigun pieza hauek, hemen ere interpretatzeko proposatuz".

Parrokiako abesbatza, atzoko entseguan. Azaroaren 22ko meza berezian kantatuko dute, Gurutze Uribarren organoan dela. 

Hori esanda, parrokiako abesbatza aipatu du Uribarrenek: "Arantza Uriarte zuzendariak oso ondo gidatzen du korua, esango nuke beti funtzionatu izan duela oso ondo. Donostian ez dago halakorik; ez dago parrokiari dagokion eta jai guztietan abesteko prest dagoen korurik. Hori esan beharra zegoen...". 

Amaitzeko, argi utzi du Uribarrenek organoak bizitza ematen diola: "Organo barik nire bizitza tristeagoa izango litzateke. Gainera, Donostian, parrokoak aukera eman dit han ere nahi dudanean aldare ondoan dagoen organo txikia jotzeko. Eta hori niretzat bizipoz handia da". 

Ander Etxebarria eta Eugenio Etxebeste San Juan Bataiatzailearen Elizan, organoa atzean dutela. 

Etxebarria eta Etxebeste, organoa pasio

Uribarrenekin batera, organoa izugarri maite dute Ander Etxebarriak eta Eugenio Etxebestek. Etxebarria Durangon bizi da egun baina lotura estua du Arrasaterekin. 1986an etorri zen Arrasatera bizi izatera, Eskola Politeknikoan irakasle eta ikerlari bezala lan egiteko. Eugenio Etxebeste, aldiz, Portaloiaren ondoan jaio zen eta Kutxan egin zuen ibilbide profesionala erretiratu arte. Txikitatik organoa izan du begiz jota, haren soinuak harrapatuta: "Misterio bezala bizi nuen umetan organoari begira tekla bat sakatuta zer gertatzen zen entzutea. Arlo erlijiosoak ez ninduen erakartzen, arlo musikalak baizik". 

Eugenio Etxebeste, organoa jotzen.

Eugenio Etxebeste: "Misterio bezala bizi nuen umetan organoari begira tekla bat sakatuta zer gertatzen zen entzutea"

Etxebarria eta Etxebeste Goikobalu Abesbatzan ezagutu ziren, abestea ere maite dutelako –Etxebeste Donostiako orfeoian ere aritu zen 12 urtez–. Organoa umetatik ezagutzen zuen Etxebestek; Etxebarriak, aldiz, San Juan bezperako salbean ezagutu zuen. "Musika gustuko dudala jakinda, lankideek proposatu zidaten San Juan bezperako salbera joateko, eta kasu egin nien. Urte hartan 19:30erako joan nintzen baina ezin izan nintzen sartu eliza goraino beteta zegoelako; hurrengo urtean ordu erdi lehenago gerturatu eta korura igo nintzen; bertan zegoen David Arzamendi organoa jotzen. Berehala ikusi nuen David Arzamendik modu berezian jotzen zuela; inprobisatzeko ahalmen handia izateaz gain, organoa jotzeko gustu musikal berezi bat zuela. Harrapatu egin ninduen eta hurrengo meza berezietara, parrokiako abesbatzak eta organoak parte hartzen zutenetara, grabagailu batekin joaten nintzen. Makina bat ordu pasatu nituen bere garaian grabazio horiek etxean entzuten, ea Arzamendik zer egiten zuen jakin nahian. Gauza batzuk harrapatu nizkion". 

Ander Etxebarria, organoa jotzen.

Ander Etxebarria: "Makina bat ordu pasatu nituen bere garaian aldez aurretik elizan grabatutakoa etxean entzuten, ea Arzamendik zer egiten zuen jakin nahian. Gauza batzuk harrapatu nizkion"

Organoa, mantenurako "oso konplikatua"

Organoari dagokionez, badakite Etxebarriak eta Etxebestek Arrasatekoak ez duela, esaterako, Bergarako organoak besteko balio handirik ondare ikuspegitik baina "berezia" da haientzat. Horregatik egin diren esku-hartze eskasak gogoratzen dituzte lehen memoria ariketa batean. Etxebarriak gogoan du, besteak beste, 2000. urtean egin zitzaion esku-hartzea oso kaltegarria izan zela: "Interbentzio haren ostean nortasuna galdu zuen organoak. 2000. urtean moldaketa esanguratsu bat egin zitzaion; 1963a ezkero elektrifikatuta zegoen organoari bihotza kendu eta beste bat jarri zioten egur arruntarekin. Sistema berria zen, muntatzeko eta mantentzeko askoz sinpleagoa, baina belarria eginda dugunontzat soinu aldetik asko galdu zuen. Atzera bueltarik ez duen interbentzio bat izan zela esan daiteke". Etxebestek gaineratu du organo guztiak direla "oso konplikatuak" mantenura begira. 

Ander Etxebarria, organoaren tripetan. 

Beste "interbentzio katastrofiko bat" ere gogoratzen du Etxebarriak: "Potentzia-transformadorea erre egin zen, sanjuanetarako egun gutxi batzuk falta zirela. Urgentziaz deitu zitzaien Nafarroako aditu batzuei; transformadore hori eraman egin zuten eta horren ordez ekarri zuten elikadura-iturri moderno bat. Baina gaizki instalatu zuten; ni neu sartu nintzen organo barrura eta polimetro batekin neurtu nuenean konturatu nintzen elikadura iturriak gehienez 14 volt eman behar bazuen askogatik gainditzen zuela, 18 voltera arte. Ondorioa zein izan zen? Sistema zaharreko ehunka erreleak erre egin zirela. Ondoren etorri zen beste aditu batek bazekien arazoa non zegoen baina ordu askotako sekulako lana zenez –eta beraz, diru asko– eta entzule arruntak igarriko ez zuenez, bere horretan uztea erabaki zen". 

Organoa, korutik aterata. 

Azaroaren 21eko kontzertuan, "organoaren azken bertsioa"

Azaroaren 21ean (12:00) organo berritua entzuteko aukera izango da: Goikobalu Abesbatzak, Mikel Ansola organo-joleak eta Enrique Dolara gaitariak hartuko dute parte kontzertuan. 

Azken interbentzio honetan tutuak izan dira protagonista –1.200dik gora tutu ditu parrokiako organoak; Donostiak Artzain Onaren Elizakoak 8.000 tututik gora ditu–, Etxebarriaren arabera: "Organo batean gauza asko daude eta gauza horiek guztiak ondo ezkondu behar dira euren artean... Langileek afinatzen zuten baina berehala desafinatzen zen eta azken interbentzio batean tutuak lehen zeuden bezala uzteko ahalegina egin zen. Tutu batzuk tailer batera eraman dira, lehenengo Valladolidera eta gero Bartzelonara, eta horiek jarrita eta afinatuta daude. Hiru tutu berri ere badaude... Azaroaren 21eko kontzertuan organoaren azken bertsioaz gozatu ahalko dute arrasatearrek", dio, irribarretsu, Etxebarriak. 

"Ezagutzen ez dena ezin da maitatu"

Etxebeste eta Etxebarriak badakite "ondare" diren organook konpontzea oso garestia dela baina argi dute ezin direla lagata utzi. Horren aurrean, proposamen bat dauka Etxebarriak: "Arrasate Musikaleko zuzendari Marta Izagirreri esan nion nola organoa nahiko ondo jarri denez aukera bat izan zitekeela, etorkizunera begira, propaganda egitea ezagutzera emateko. Gazteei erabilgarri uztea organoa, parrokoarekin edo dena delakoarekin negoziatu ostean; parrokoari komentatu nion eta ez zuen aurpegi txarrik ipini... Interesa agertu ezkero zergatik ez irakasle bat jarri? Bergarako taldean zazpi ikasle daude, eta horietatik hiru gazteak dira; aukera bat izan daiteke sinergiak aprobetxatzeko... Izan ere, ezagutzen ez dena ezin da maitatu; goazen organoa ezagutzera ematea eta, ahal den heinean, gazteentzat erabilgarri uztera". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak