Modu xumean bada ere, David Artzamendiri omenaldia egin gura izan diogu eta haren hiru lagunekin izan gara: Horazio Argaraterekin –Arrasateko parrokoa–, Eugenio Etxebesterekin –gaur egun parrokiako organoa jotzen duen musikarietako bat– eta Jose Mari Velez de Mendizabalekin –historialaria–.
Musikarentzako bizitza
Musikarako zaletasuna eta maitasuna txikitatik erakutsi zuen eta gutxira arte eutsi die zituen jardunei. "David leiala izan da. Elizari ordaindu ezineko mesedea egin dio 75 urte organoaren eta musikaren laguntzaile eta arduradun moduan; zenbat eta ardura handiagoak hartuaz. Bere hutsunea zailtasunez beteko dugu, hortxe zegoen beti, baita abuztuan ere", dio Argaratek.
Josemari Velez de Mendizabalek zalantza barik dio, Arrasateko XX. mendeko historia musikala ezin dela ulertu Artzamendi gabe, eta haren bizitzaren pasarte batzuk laburbildu dizkigu: "5 urterekin hasi zen musika ikasten eta geroago, seminarioan piano eta solfeo ikasketak egin zituen. 1932. urtean hasi zen parrokiako organoan ordezkapenak egiten. Gasteizko Apaiztegian musika eta organo ikasketak aberastu zituen eta 1936an, Gasteizen soldadutza egin behar zuela-eta, hiriburuko San Miguel eliza nagusiko organista titularra zen Luis Aranbururen aginduetara jarri zen eta iganderoko meza nagusian arrakastaz jardun zuen. Gerra zibila hasi zenean, Toledoko Arma Lantegira bidali zuten eta han ere organista moduan jardun zuen. 1993an Frantzisko Arrizabalaga organista hiltzean hartu zuen ofizialki Davidek herriko organista kargua", dio historialariak.
Organista izateaz gainera, musika konpositore eta abesbatzen zuzendari moduan egindako lanak ere goraipatu ditu Etxebestek: "Musika arloan, nire ustez, egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat da parrokiako koruak zituen ahots pribilegiatuak garaiko abesbatza handienen errefortzu izateko prestatzea; ondorioz, Arrasateko abeslariek, besteak beste, Lisboan eta Berlinen kantatu zuten. Santa Agedako koruan ere urteetan abestu zuen, eta geroago, hura izan zen urteetan entseguetako zuzendaria. Horrez gain, ezingo dut ahaztu organoarekin akonpainamenduak egiteko zuen dohain eta originaltasuna".
Leiala, elegantea, irribarretsua
Beti trajea eta txapela soinean zeraman gizon elegantea zen Artzamendi, eta, akaso, horregatik zuen itxura serioa; ezagutzen zutenek, baina, goraipatu egin dute zuen ironia fina eta adarra jotzeko abilezia. Orain lau urte eskas ezagutu zuen Argaratek Artzamendi: "Adinez oso aurreratuta zegoen gizona tokatu zitzaidan ezagutzea; oso gizon berezia zen, antzinako pertsonen edukazioa eta abadeekiko errespetu ikaragarria zuena. Haren aurrean mukizua sentitzen nintzen. Ikaragarria zen zuen fedea, barrutik eta sekulako debozioarekin bizi zuen. Bere gustuko piezak aukeratzen zituen mezetarako, eta, errepertorioa modernizatzen saiatzen baginen ere, abadeok toreatzen ondo zekien, baina aparteko edukazioarekin beti".
Lankide eta bizilagun ere bazuen Argaratek, ezkondu zenetik abade-etxean bizi zen-eta organista lanen trukean, Jose Luis Iñarra parrokoarekin tratua eginda. "Oso barruan zuen Iñarrari egindako promesa hori, eta horregatik ez zien sekula konpromisoei hutsik egiten", gaineratu du Etxebestek.
Koruaren agur gozoa
Ohikoa izan zen astelehenean parrokian egin zioten agurra. Otsailaren 9ko mezarako, berriz, Artzamendik konposatutako Requiem meza-ko zati batzuk kantatzeko prestatu gura dituztela aurreratu du Argaratek.
----------
Eugenio Etxebeste (organista eta musikaria): "David, David Artzamendi"
Astelehenean agur esan genion David Artzamendiri, lepo betetako elizan, ehunka aldiz berak lagundu zuen doinuekin, eta baita abaguneak eskatzen zituen beste batzuekin ere. Asko gozatu izan genuen hark egiten zituen akonpainamendu pertsonal eta originalekin. Ikusi gabe bagenekien hura zela jotzen ari zena, eta haren estilo pertsonala imitatzearekin egiten genuen amets.
Eta astelehenean, haren organoaren aurrean, dokumental azkar bat balitz bezala, hainbat pasarte etorri zitzaizkidan gogora: Santa Agedako entseguak, Euskal Herriko abesbatza onenak indartzeko prestatu zituen herriko abeslariak…
David, nire David, Musika Handia modukoa zen, Pianisimoekin eta Fortisimoekin osatutako espiritu harmonikoa, alaia eta serioa, fededuna eta profanoa, operistikoa eta zarzueladuna, adeitsua eta bromazalea, lagunkoia eta dibertigarria.
Liburu bat idatz zezakeen parte hartu zuen Arrasateko musika ekitaldiak oinarri hartuta bakarrik; baina organoen teklei begiratzen nien eta filmak, ordenarik gabe, nire buruan jarraitzen zuen. Hark eman zizkidan latinezko lehenengo eskolak eta El Caserio zarzuela zuzentzen ere ikusi nuen Gurea zaharrean. Nire begi eta belarri umemokoek ezin zuten sinistu David eta haren lagun musikariek elkarrekin transmititzen zuten pasioa.
Santa Agedako koruak zuzentzeko aitzakian Davidek oparitu zidan diapasoiarekin ere gogoratu nintzen; bi urtean bakarrik bete nuen lan hori, baina maitasunarekin gordetzen dut tresna hori oraindik. Eta horrenbeste oroitzapenekin, triste jartzen hasi nintzen, baina Ave Verum laguntzeko unea heldu zen. Organoa jotzen entzuten zidan bakoitzean nirekin horren eskuzabala zen Davidek seguru astelehenean ere barkatu zidala. Haren hileta elizkizunean organoarekin laguntzeak zuen erantzukizunak, oroitzapen horiek guztiek, eta bidean geratu ziren beste hainbatek asaldatu egin ninduten eta ez nuen partitura ondo ordenatu.
Eta lagunok, hori da Musikak daukana, maisutasun teknikoa, gustuarekin eta bihotzarekin batzen denean, pertsona errepikaezinak eta miresgarriak sortzen dituela; eta agur esateko orduan, horien falta sentitzen hasten gara eta une politak oroitzen ditugu eta inguruan ditugunei zera esaten hasten gara: "Zelako pena! David falta da! David Artzamendi".