Julian Sagasta organistaren omenezko liburua eta diskoa aurkeztuko dituzte gaur Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko eka. 18a, 07:04

Julian Sagasta Galdos (Arrasate 1914-Erroma 2005) mundu mailan organista ezaguna -adituen esanetan onenetakoa- eta abadea izan zen. Arrasaten jaio bazen ere, 10 urterekin Oñatiko Agustindar Kalonjeen seminariora joan zen abadetzarako ikasketak egitera. Burgosen izan zen gero; eta 18 urte beteta, Erromara destinatu zuten. Aurrerantzean Erroma izan zuen bizitoki, baina sarritan etortzen zen Debagoienera udako oporrak pasatzera.

Aurten Sagastaren jaiotzaren mendeurrena dela aitzakia hartuta, Jose Antonio Azpiazu eta Xabier Ugarte oñatiarrek haren bizitzako gertakariak eta, besteak beste, musika alorrean egindako lanak batu dituzte Arrasateko eta Oñatiko Udalen laguntzarekin argitaratutako disko eta liburuan. Gaur, eguaztena, Arrasateko San Juan Batailatzailearen parrokian aurkeztuko dituzte, 20:00etan, Aitor Olea organistaren kontzertuaz jantzita. Ekainaren 25ean, berriz, Oñatiko San Migel parrokian, 20:00etan.

Gaztetatik musikazale

Oñatiko seminarioan egin zituen solfeo, piano eta organoaren lehenengo ikasketak eta Erroma bilakatu zitzaion gero On Giulianori musika bidea garatzeko toki pribilegiatua (horrela deitzen zioten Julian Sagastari Italian). Vatikanoko organistarekin ikasi zuen eta Erromako eta Sienako kontserbatorioetan ere bai.

1947. urtean Erromako basilika garrantzitsu batetako organista ofizialaren postua eskuratu zuen eta han jardun zuen, 1989. urtean erretiratu zen arte. Ospe handiko musikaria bilakatu zen eta Aita Santu askok eskatu zioten organoa jotzeko. Italian gainera, Alemanian, Suitzan eta Belgikan ere sarritan jotzen zuen eta baita Euskal Herrira etortzen zenean ere, Oñatin, Arantzazun eta Donostian, besteak beste.

Sagastaren musika ekarpena, baina, ez zen organora mugatu; askotariko ikerketa eta transkripzio lanak ere egin zituen.

Aurrena, baina, abade

Lehenengo abadea eta gero organista zela zioen Don Giulianok berak, eta haren lan pastorala ez zen musika arlora mugatzen. Erroma erabat hondatuta zegoen gerra ostean eta hiritik gertu zeuden errefuxiatuei laguntzen buru-belarri jardun zuen. Judutar familia asko ere ezkutatu zituen lagunen etxeetan.

Erromara hurbildutako euskaldunak ere ondo hartzen zituen Sagastak, ostatu egokiak aurkitu eta turista gida lanak eginez. Azpiazuk eta Ugartek dioten moduan: "Halakoa zen bera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak