Hainbat hitzordu asteburuan, Santa Zezilia musikarien zaindaria omentzeko

Ibai Irasuegi Garai

Arrasate Musikaleko bandaren kontzertu bat, San Frantzisko elizan.

Arrasate Musikalek eta Goikobalu abesbatzak emanaldiak egingo dituzte.

Domeka honetan, azaroak 22, izango da Santa Zezilia Eguna, eta, urtero bezala, Arrasaten, Goikobaluren eta Arrasate Musikalen eskutik, musika hitzordu ugari izango dira asteburuan, haien zaindaria omentzeko. Egun bakarra labur geratzen zaizkie musikariei Arrasaten, eta, horrenbestez, egubakoitzetik domekara bitartean zenbait emanaldi egingo dituzte, Arrasate musikaz betetzeko. Hasteko, bihar, egubakoitza, 17:30ean hasita, Arrasate Musikaleko Banda Gazteko musikariek herriko kaleak girotuko dituzte euren instrumentuekin. Eta, jarraian, Arrasateko gaiteroen emanaldia izango da.

San Juan Bataiatzailea elizan emango du Goikobalu abesbatzak kontzertua

Goikobalu: kaletik elizara

Zapatuari dagokionez, Goikobaluk kontzertua emango du eguerdiko hamabietan. Organoa konpondu berri dela eta Santa Zezilia omendu beharra dagoela aintzat hartuta, Goikobalukoek erabaki dute aurten kalean abestu beharrean elizan abestea. "Azken urteotan, eguna aste barruan tokatu izan denean, kalera irten izan gara. Aurten domeka denez, parrokiakoak euren kontuekin arituko dira, eta horregatik erabaki dugu egun bat lehenago egitea elizan, organoaren eta dultzainaren laguntzarekin. Gainera, bazkari bat ere egiteko aprobetxatuko dugu", dio Goikobaluko zuzendari Iñaki Maidaganek. Sei pieza abestuko dituzte, Mikel Ansola organo-jolearen laguntzarekin.

Bandaren kontzertua domekan

Gainontzeko hitzorduak domekan izango dira. Berritasun bezala, Arrasate Musikalen eskutik, bandak kalejira egingo du 11:30ean, eta joan den ekainean egindako Alkartu elkarte gastronomikoaren ereserkia interpretatuko dute. Ostean, urteroko kontzertua emango dute, 12:30ean, San Frantzisko elizan. Mikel Markiegik zuzenduko du emanaldia, eta, Arrasate Musikaleko ekintza-arduradun Edorta Aiastuik azaldu duenez, pieza klasikoetatik hasi eta gaur egungoetara jauzi egingo duen sei piezako errepertorioa prestatu du zuzendariak; besteak beste, pasodoble bat, zarzuela bat eta filmetako soinu-bandak interpretatuko dituzte bandako musikariek. Hain zuzen ere, hauek izango dira piezak: Emilio Cebrianen Churumbelerias, Geronimo Gimenezen La boda de Luis Alonso, Beethovenen Sinfonia No7-ll. Allegretto, Dirk Brosseren Tintin, Jay Boocoken Symphonic Suite from Star Trek eta Jan Novaken Sinatra in concert.

Egun "berezia"

Musikari guztientzako egun "berezia" dela adierazi du Aiastuik, eta egunaren bueltan Arrasaten antolatzen diren emanaldiak herriko musikarien "egoera osasuntsuaren" adierazle direla nabarmendu du: "Kontzertuak antolatzen ditugu hainbat lekutan, eta musikarien arteko harreman sozialak indartzeko oso baliagarria izaten da Santa Zezilia". Horrez gain, Arrasaten musika "bizirik" dagoela esan du: "Herrian talde asko ikusi eta entzuteko aukera daukagu, eta iruditzen zait herritarrek gustuko dutela musika. Hori eskertzekoa da musika egiten dugunontzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak