Gipuzkoako zenbait herritan udaltzainak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean prestatzen ari zirela jakin ostean aurkeztu zuen EAJk mozioa; mozioak ez zuen aurrera egin gainerako talde guztiek kontra bozkatu zutelako. Jeltzaleentzat "oso larria" da hori gertatu izana, eta eskatu dute euskal polizien formakuntza guztia Arkautera bideratzea, Arrasatekoa barne.
Udalbatzako zinegotzien artean eztabaida eragin zuen gai bakarra izan zen EAJk aurkeztutako mozioa
Udaltzainak Intxaurrondon prestatu izana "oso larria" da EAJren ustez
Honela laburtu zuen EAJko eledun Ander Garayk mozioan eskatzen zutena: "Hil hasieran enteratu ginen komunikabideetatik Gipuzkoako zenbait herritako udaltzainak Intxaurrondon prestatu zirela. Hori oso larria iruditzen zaigu. Gaur Arrasaten aurkeztu dugun eta aurrerago beste udalerrietan ere aurkeztuko dugun mozio honetan eskatzen duguna da udaltzainen eta ertzainen formakuntza guztia Arkauten egitea. Uste dugu erabaki horrekin autogobernuari bultzada bat ematen diogula, eta baita Ertzaintzaren polizia ereduari zein ertzainen eta udaltzainen arteko koordinazioari ere. Arrasateri dagokionez, eskatu nahi genuena zen Udala itzuli dadila Arkautek ertzainentzat eta udaltzainentzat egiten dituen zerrenda bateratuetara; izan ere, azken hiru urteotan Udala ez da aurkeztu eta baditugu 13 plaza hutsik".
EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos kontra, eta nork bere azalpenak
Gainerako udal talde bakoitzak bere azalpenak eman zituen kontrako botoa emateko. "EAJren mozioan hainbat kontu ez ditugu partekatzen, esaterako, zerrenda bateratuak Arkautera bideratzearena. Guk apustu egiten dugu bailarako lan-poltsa bateratu baten alde; lanean ari gara horretan, baita beste bailara batzuetako herriekin ere. Uste dugu gaiari erabilera alderdikoia egin duela EAJk, hauteskunde testuinguru batean. Izan ere, uste dugu gure polizia eredua definitzeak barneko lan-handiago bat eskatzen duela; guk bide horretan jarraituko dugu lanean", dio EH Bilduko bozeramaile Kepa Urteagak.
PSE-EEko Johanna Sanchezek beste irakurketa bat egin zuen: "PSE-EEren jarrera beti izan da argia, Ertzaintzaren alde egitea; polizia hurbila, baliabide modernoekin eta eraginkorrekin. Non entrenatzen eta praktikatzen duten ez da lehentasunezkoa".
Elkarrekin Podemoseko Eva Abuinen arabera "lekuz kanpo" dago EAJren mozioa: "Arrasaten ez da halakorik gertatu eta horregatik kontra bozkatu dugu".
Udala auzoko bizilagunen kexak
Galdera eta eskaeren tartean, berriz, Udala auzoko bizilagunen kexak izan ziren protagonista. 2024ko azaroan ere osoko bilkuran egon zirela gogoratu eta auzoa utzita dagoela salatu zuten, alegia, autoen pilaketak, aparkaleku desegokiak, oinezkoen segurtasun falta, baserrietako sarbideen blokeoa, hondatutako bide publikoak, seinaleztapen eskasa, ur-arazoak eta garraio publikoaren antolaketa falta dira, diotenez, auzoan dituzten arazo nagusiak.
Galderen eta eskaeren tartean Udala auzoko bizilagunen kexak izan ziren protagonista. "Egiturazko arazoei egiturazko soluzioak" eskatu zituzten
Udalbatzaren aurrean egindako interbentzioan, Udala auzoko alkate Aitor Murgoitiok kritikatu zuen, besteak beste, azken 22 urteetan ez dela partida esanguratsurik bideratu auzoko egiturazko arazoak konpontzeko. Auzotarrek azpimarratu zuten ez dutela promesa gehiago nahi, baizik eta konpromisoak, horiek betetzeko epeak eta aurrekontua.
Partzelak ondo definitzeke daudela dio Udal Gobernuak
Hirigintza zinegotzi Garazi Etxebarriak erantzun zien esanez urbanizazio proiektua ezin dutela idatzi lur jabetzen arazoa konpondu artean, alegia, 2010ean zehaztutako partzelarioko akatsak zuzendu behar direla proiektua idatzi aurretik. Bestalde, mugikortasun zinegotzi Kepa Urteagak onartu zuen auzotarren haserrea ulertzen dutela: "Ulergarria da haserrea. Arduratzen gaitu Udala auzoan gertatzen denak, bestela ez genituzke gauzatuko azken uda hauetako interbentzioak. Aparkalekuak margotu, autobus zerbitzua jarri, harriak jarri aparkaleku desegokiak ekidin eta baserrietarako sarbideak libratzeko. Esku-hartze batzuk egin dira baina zoritxarrez antzuak izan dira; argi dago interbentzio horiek ez dituztela bizilagunak asebete. Ulertzen ditugu euren beharrak, eta lanean jarraituko dugu. Era berean, herritarrak ere kontzientziatu behar ditugu bereziki udan auzoari ematen zaion erabilera ikusita. Hori guztia hobeto erregulatu beharko dugu".