Udalako auzotarrek "soluzio estrukturalak" eskatu dizkiote Udal Gobernuari

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 21a, 17:06

Udala auzoko bizilagunek "konponbide estrukturalak" eskatu dituzte, "auzoak jasaten duen ibilgailuen masifikazioaren" aurrean. Auzo-alkaterik ez dutenez, bizilagun talde bat elkartu da, dituzten kexak dal obernuari helarazteaz gain, hainbat eskaera egiteko.

Gauza jakina da azkenaldi luzean Udala auzoa jasaten ari den ibilgailuen masifikazioa; nagusiki, udan baina, oro har, urte osoan. Urteak joan urteak etorri, "geroz eta larriagoa den arazo" bilakatzen ari da hainbat auzotarrentzat, eta, ondorioz, "konponbide estrukturalak" eskatu dizkiote Arrasateko Udal Gobernuari. "Urtebete daramagu auzo-alkate barik, Arrasateko Udalak hala erabaki duelako eta adostasunik lortzen ez dugulako. Ondorioz, auzotarrok talde bat sortu dugu, gure eskakizunak egiteko", azaldu du Mirari Plazaolak, Udalako auzotarrak.

Haien salaketetako bat da duela 17 urte egin zutela auzoa urbanizatzeko plana, eta oraindik ez dutela gauzatu. "Familia bakoitzak 4.000 euro ordaindu genituen eta oraindik ez dugu soluzio errealik ikusten. Aparkalekuak eta autobus geltokia margotu zituzten, baina hori adabaki bat besterik ez da, ez du egoera errotik konpontzen. Guk gura duguna da auzoak jasaten duen auto masifikazioa gutxitzea", azaldu du Koldo Zubiak, bizilagunetako batek.

Ibilgailuek auzoan hainbat arazo sortzen dituztela diote: "Berdeguneen okupazioa, mendi bideen sarbideen okupazioa, baserriko lanak askatasunez egiteko ezintasuna, nekazaritzako makineria erabiltzeko zailtasunak, etxebizitzetarako sarbideak oztopatzea, errepidearen okupazioaren ondorioz sortutako arriskuak eta abar". Testuinguru horretan, urriaren 25ean, Udala beheko auzoan auto batek auzokide bat harrapatu zuela deitoratu dute.

Autobus geltokiari dagokionez, zera dio Zubiak: "Geltokia margotu digute lurrean, baina aparkalekuak oso gertu daude, eta, autobusa hor badago, ez dago pasatzeko lekurik. Izan ere, badago kartel bat aparkatzea debekatzen duena autobus zerbitzua dagoenean. Baina zerbitzurik ez dagoenean ere, autobus pribatuak etortzen dira eta hor aparkatzen dute".

Hainbat auto, Udala auzoan, bide bazterrean aparkatuta.

Aparkalekuan ez ezik, etxe atarietan ere izaten dituzte arazoak, autoek "edozein lekutan" aparkatzen baitute. "Guk traktoreak ditugu, eta, batzuetan, kamioiak ere etortzen zaizkigu etxera. Beraz, autoak etxe atarietan aparkatzen badizkigute, arazo handiak izaten ditugu etxean sartu eta irteteko. Uste dugu hemen bizi garenontzat espazio bat bermatu beharko litzatekeela, aparkalekuak molestatzen ez duen leku batean eginda. Azken batean, hona datozenak eguna pasatzera datoz, baina gu hemen bizi gara. Ez dugu eskatzen aparkalekuak kentzea, baizik eta gure espazioa errespetatzea eta lasai bizi ahal izatea", adierazi du Zubiak.

Udal Gobernuarekin haserre

Auzotarrek "haserre eta minduta" daudela azpimarratu dute, "Udal Gobernuak auzoarekiko duen goitik beherako harreman eta jarrera pasiboagatik", eta zera gaineratu dute: "Udala auzoa landa eremua eta natura gunea da eta Udalatx babestutako eremu definitzen duzue, eta ez dugu ulertzen zein arrazoi dauden tarteko auzoko egoeraren aurrean soluzio estrukturalak ez inplementatzeko. Ez dugu beste urte bat pasa nahi egoera honetan. Konponbideak beharditugu lehenbailehen. Izan ere, honek ez du bizikidetzan laguntzen, eta auzoaren, udaltzainen eta Udalaren arteko tentsioa handitzea besterik ez dakar", aldarrikatu dute.

Udal Gobernua lanean ari da

Udal Gobernuak dio goiko auzoan autoentzako aparkaleku gehigarri bat egiteko proiektua idatzi ahal izateko aurretiazko lanak esleituko dituela. Zehazki, proiektua idazteko beharrezkoak diren azterketak egitea da esleitu dutena, azterketa topografikoa eta abar. "Ari gara lanean. Diru kantitate esanguratsuak egongo dira proiektu hori gauzatzeko, eta, Gobernu Planean daukagun moduan, datorren urtean gauzatzera goaz", adierazi du Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Obrak, Mantentzea eta Zerbitzuak Saileko zinegotziak. Hala, 2025eko udal aurrekontuan proiektua idazteko eta obrak egiteko partida bat jasoko dute. "Helburua da, behin proiektua idatzita eta haren aurrekontua zehaztuta, datorren urte amaieran obrak abiaraztea". Hori dela eta, Udal Gobernuak 2026rako aurreikusten du "Udala auzoko aparkalekuaren afera desblokeatzea".

"Informazio zehatza" gura dute

Horren aurrean, auzotarrek proiektuaren gaineko "informazio zehatza" edukitzea eskatu dute, baita "konponbide estrukturalak" ere. "Hori guztia exekutatzen den bitartean, neurri konkretuak behar ditugu, estrukturalak izango direnak. Udako asteburuetan autobusak jartzea ondo dago, baina, horretaz haratago, auzoa babes barik geratzen da urteko beste egun askotako masifikazio egoeretan", gaitzetsi du Eider Murgoitiok, Udalako bizilagunak. Era berean, neurri horiek Mugikortasun Planean txertatzea ere eskatu dute Udalako bizilagunek. "Beldur gara Mugikortasun Planak Udalako egungo egoera aintzat hartu ezean soluziorik ez ote den etorriko".

Aldundiarekin negoziatzen

Azkenik, Udalara doan errepideak ere konponketa beharra du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiarena da gaur egun. "Guk Udalabide proiektua aurkeztu genuen eta hori Aldundiaren mahai gainean dago. Komunikatu digutenez, hainbat konponketaren truke jabetza hori eskuz aldatzeko prest egongo litzateke, baina oraindik negoziatzen ari gara. Egiari zor, uste dugu negoziaketak bide onetik doazela, baina ezin dugu ezer ziurrik esan", bukatu du Urteagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak