ALBISTEAK Espainiako hauteskundeak 2026

Gipuzkoako Alderdi Sozialistak Arrasaten hasi du Espainiako hauteskundeetako kanpaina

Koldo Zubia Salas

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina hastearekin batera, Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren zerrendaburu Rafaela Romero arrasatearra, eta zerrendako bigarrena den Jose Ignacio Asenciok, gaur, azaroak 13, Biteri plazan jendaurreko agerraldia dute. Ondoren, arrosak banatu dituzte Arizmendiarrieta plazan ostiraletan jartzen duten azokan. 

Gaur, azaroak 13 hasi da ofizialki Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Azaroaren 29aren aurretik, alderdi politikoek bi asteko epea izango dute oraindik zalantzan dauden horien botoa eskuratzeko. Gipuzkoako PSE-EEk  Arrasaten hasi du bere kanpaina, Biteri plazan.

Gipuzkoako zerrendaburua den Rafaela Romero eta zerrendako bigarrena den Jose Ignacio Asenciok hartu dute hitza jendaurreko agerraldian; lanaren eta ekonomiaren inguruko adierazpenak egin dituzte biek. Alderdi Sozialista gobernuan egon den zortzi urte hauetan. Soldatek, langabezia tasak, pentsioek eta industriak hobera egin dutela adierazi dute. "1.221 eurora igo dugu soldata minimoa, lehen 726 euro ziren. Gure ekonomiak aurrera egin du, gure langabezia tasa %5,4an dago, Espainiako baxuena; politika horiek bermatzeko ezinbestekoa da horrela jarraitzea eta Alderdi Sozialistari botoa ematea" esan du Asenciok. 

Ultraeskuinari kritika

Horrez gain, gogor kritikatu dute PP eta VOX alderdien politikak. Izan ere, eskuina eta ultraeskuina "aurrerapen horien kontra" daudela salatu dute Alderdi Sozialistaren bi hautagaiek: "Eskuina eta ultraeskuina beti aurrerapen hauen kontra daude, soldatak hobetzen dituen politika guztien aurka. Horregatik azaroaren 29an bi ereduen artean aukeratu behar dugu; Alderdi Sozialistaren, jendearen bizitza hobetzeko lan egiten dugunona, eta bestea, PP eta VOX alderdiena, aurrerapen guztien kontrakoa". 

Rafaela Romero, etxean

Duela lau urte ere, Arrasaten hasi zuen Alderdi Sozialistak Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpaina. Ordukoan, gaur bezala, bertan izan zen Rafaela Romero arrasatearra. Adierazi duenez, "berezia da" kanpaina, bere herrian hastea: "Niretzat ohorea eta plazerra da hauteskunde kanpaina Arrasaten hastea. Aurreko hauteskunde orokorretan hasi nuen; irabazi, eta gobernura heldu ginen. Espero dut oraingoan ere berdina gertatzea". 

Biteriko agerraldiaren ostean Arizmendiarrieta plazara joan dira, eta, bertan, ostiralero jartzen den azokan arrosak banatu dizkiete herritarrei. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak