Garaia Parke Teknologikoan eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan Zientzia eta Teknologia Astea ospatzen direla aprobetxatuta, Drone Soccer-ean aintzindari den Flybble enpresak Euskadiko Lehenengo Txapelketa abiatu zuen atzo, astelehena, Garaiako instalazioetan. Flybble enpresako kide Nicolas Iriondok azaldu duenez, orain arte, txapelketa bat jokatzeko kanpora joan behar ziren, eta zerbait antolatzea erabaki zuten hori eragozteko eta Drone Soccer-a Euskal Herrira gerturatzeko: "Iruditu zitzaigun aukera ona izan zitekeela Euskal Herrian txapelketa bat antolatzea, eta, EAEko ikastetxeei deituta, lanean hasi ginen hori posible egiteko".
Azaroaren 9tik 13ra
Azaroaren 9tik 13ra bitartean izango da txapelketa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetatik datozen 12tik 16 urtera bitarteko 100 talde ari dira parte hartzen. Atzo, astelehena, abiatu zen txapelketa, eta Iriondok adierazi du hasiera "intentsua" baina "oso ona" izan zuela: "Gazteek oso ondo pasatu dute aurreneko fase honetan; partiduak irabazteko gogo handiekin ikusi zaie eta asko poztu nau horrek".
Txapelketako arauak
Txapelketako arauei dagokienez, arena deitzen zaion eremu itxi batean jokatzen dituzte partiduak. Hiru minutuko partiduak dira eta Taldekide bakoitzak drone bat gidatzen du. Bi defentsa eta erasotzaile batek osatzen dute talde bakoitza, eta golak sartzeko droneak aurkarien eraztunetan sartu behar dituzte. Futbolean bezala, gol bakoitzak puntu bat balio du.
Kanporaketa fasea, egubakoitzean
Guztira txapelketan parte hartzen ari diren ehun taldeetatik 12 sailkatuko dira kanporaketa fasera. 25 taldeko lau multzotan banatu dituzte taldeak, eta bakoitzeko hiru talde sailkatuko dira txapelketako azken fasera. Azken fase hori egubakoitzean jokatuko da, eta hamabi sailkatuen artean erabakiko da zein izango den Euskadiko Lehen Drone Soccer Txapelketako irabazlea. Txapelketako hiru talde onenek 150 euroko saria jasoko dute.
